Politika -

Eztabaida Radio Euskadin

Estatuko alderdien inguruan EH Bilduk egindako proposamenak hautsak harrotu ditu

"Euskal Herrian ia presentziarik ez duten Espainiako alderdiei herri hau Estatuan botoak lortzeko erabiltzeari uzteko" eskatzea proposatu du EH Bilduk.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea. EiTBko bideo batetik ateratako bideoa.
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea.
Hauteskunde kanpainan Euskal Herrira probokatzera ez etortzeko eskatu du EH Bilduk

1:56

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamena kritikatu dute EAJk, Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk. Hauteskunde orokorretako kanpainan Estatuko alderdiek "elkarbizitza ez aztoratzea eta Euskal Herria Espainian botoak lortzeko ez erabiltzea" eskatu du koalizioak proposamenean.

"Herritarren, elkarteen, eta alderdi politikoen adierazpen askatasunarenganako errespetutik, Euskal Herrian ia presentziarik ez duten Espainiako alderdiei herri hau Estatuan botoak lortzeko erabiltzeari uzteko" eskatzea proposatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. "Elkarbizitza istilu eta indarkeriarekin ez haustea", eskatu du koalizioak.

Zentzu horretan, Voxek iragan apirilean Bilbon eta Donostian egindako ekitaldiak gogorarazi ditu EH Bilduk, baita Ciudadanosek Errenterian eta Ugaon egindakoak ere. Aldez aurretik, bi alderdi horiek, PPrekin batera, Altsasun egindako ekitaldia gogora ekarri du koalizioak legez besteko proposamenean.

EAJ

Eusko Legebiltzarrean mota honetako ekimenak aurkeztea "eldarniozkoa" dela uste du Jose Luis Telleria EAJko legebiltzarkideak.

Hala ere, EH Bilduren proposamena "manipulatu" egin dutela esan du Telleriak Radio Euskadiko elkarrizketan, Euskadin kanpaina egiteko orduan alderdiei "betoa" jartzeaz hitz egiten ez duelako. Hemen ere "batzuek ernegazioa bilatzen ari dira", Ciudadanosek eta Voxek egin bezala, erantsi duenez, "nahita amorratzera etorri ziren Estatuan botoak eskuratzeko helburuarekin".

EH Bildu

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, ekimenean "ez da sekula esaten alderdiek Euskadin kanpainarik ez egitea", eta polemika ez da testuaren inguruan sortu, "batzuek asmatutakoaren" inguruan baizik.

"Probokazio estrategia" baten barruan kokatzen diren ekitaldiak bakarrik hizpide ditu ekimenak, azpimarratu duenez, "herrikoak iraintzera datozelako gizarte gaixo edo ustela direla esanaz". "Normaltasunez" egiten diren ekitaldiak kanpoan utzi ditu Casanovak, PPrenak esaterako.

Elkarrekin Podemos

"Oinarrizko eskubideei" eragiten dien proposamena errefusatu du Joserra Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Gainera, "euskal herritarrak umetzen ditu, (Vox edo Ciudadanos) ernegatzera datozela badakitelako", erantsi du Becerrak.

PSE-EE

EH Bilduren ekimena "inoiz ere ez dugu babestuko", ziurtatu du Jose Antonio Pastor sozialistak. "Oso arriskutsua da 'apartheid' politikoa eta heriotza mehatxua jasan ditugun herrian", ohartarazi du.

"Batzuek euskal aberria bereganatu nahi dute, eta beste batzuek Espainiako aberria", kritikatu du Pastorrek.

PP

"Existitzearren soilik amorratzen dituenetakoa izan behar naiz", deitoratu du Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak, "abertzalea ez baldin bazara, antza denez, ernegatzen duzu, eta ahal dugun guztia amorratzen jarraituko dugu".

EH Bilduren ekimena "faxista" dela adierazi du Damboreneak; Voxen eta Ciudadanosen ekitaldietan "istiluak Bilduren jarraitzaileak sortu zituztelako, bertara joanda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox