Politika -
Dagoeneko ezabatu dituzte
PPk 359 kontu faltsu zituen Twitterren eta Facebooken bere mezu politikoa zabaltzeko
Pablo Casadoren alderdiko 259 kontu itxi ditu Twitterrek. Bitartean, Facebookek 65 profil itxi ditu, eta Instagramek beste 35.
Agentziak | Erredakzioa
Twitterrek eta Facebookek 359 kontu faltsu ezabatu dituzte sare sozialetatik, PPk plataformetako erabiltzaileen artean bere mezu politikoa zabaltzeko erabiltzen zituelako.
Twitterrek jakitera eman duenez, Pablo Casadoren alderdiko 259 kontu itxi dituzte plataforman.
Ikerketaren arabera, kontuak "denbora tarte labur batean" aktibo egon ziren, eta "Espainian modu artifizialean iritzi publikoa sustatzeko" erabiltzen zituzten.
"Gehienbat kontu faltsuak ziren 'spam' jokamolde batekin, edo birtxioa egiten zuten interakzioa areagotzeko", azaldu du Twitterrek.
Bitartean, Facebookek 65 profil itxi ditu, eta Instagramek beste 35. Sare horien kasuan, beste kontu nagusiagoen "edukia zabaltzen" saiatu ziren, eta "albisteak eta tokiko zein estatuko gai politikoak" argitaratu zituzten, "hauteskundeak, PP eta oposizio politikoari kritikak barne".
"Nahiz eta jardueraren atzean zeuden pertsonak nortasuna ezkutatzen saiatu, Alderdi Popularreko pertsonekin loturak aurkitu zituen gure ikerketak", azaldu du Facebookek ohar batean.
2018ko urrian mundu osoan ikerketa independente bat bultzatu zuela gogorarazi du Twitterrek. Ikerketak aurrera egin ahala manipulazioaren adibide berriak antzeman dituztela erantsi du.