Politika -
Espainiako Gobernua
Sanchezek ez luke 'lasai lorik egingo' Podemosekin koalizio-gobernua osatu izan balu
"Lasai lo egin ahal izateko botere guztia bildu" beharra aurpegiratu dio Iglesiasek Sanchezi. Adierazpenek uztaileko koalizio-gobernu eskaintza benetakoa ez zela "frogatu" dute, erantsi duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak azpimarratu duenez, Unidas Podemosen asmoen aurrean amore eman izan balu eta "kudeaketan esperientziarik ez duten" Pablo Iglesiasen inguruko pertsonak ministro izatea onartu izan balu, “ez luke lasai lorik egingo".
"Nik ez nuke lasai lorik egingo, ezta herritarren % 95ek ere ez, tartean, Podemoseko boto-emaileak", esan du Sanchezek ‘La Sexta’ telebista katean egindako elkarrizketa batean, eta esan du ez diola koalizioari “ezetz” esan nahi, baina formula hori "bideraezina" dela frogatu dela ziurtatu du.
Dena dela, koalizio morearekin kasuan kasuko politikei eta proposamenei buruzko “akordio zehatzak” lor ditzaketela azpimarratu du.
Bestalde, Podemosi proposatu zizkion 370 neurriak PSOEren hauteskunde programan sartuko dituela iragarri du Sanchezek, eta hauteskundeak irabaziz gero, herritarrek osatuko luketen batzorde bat sortuko lukeela jakinarazi du, hartutako konpromiso horien betetze maila aztertzeko helburuarekin.
Halaber, bere helburu bakarra presidente izatea izan balitz koalizio-gobernua osatzea onartuko zukeela ziurtatu du buruzagi sozialistak, baina ez zuen Iglesiasen inposizioen aurrean amore eman nahi izan. Izan ere, Ogasuna, Gizarte Segurantza eta Energia Politika bezalako ministerioetan ordezkariak izatea eskatu zuen Podemoseko idazkari nagusiak.
"Ni presidente izan nintekeen, baina hori ez da Espainiak behar duen Gobernua", baizik eta "egonkorra, batua eta bere barne kontraesanengatik liskarrik ez duena", berretsi du Sanchezek.
Hala, koalizio-gobernua osatzea onartu izan balu, ziurrenik gaur bertan Gobernu krisia izango zuela adierazi du, Ada Colau Bartzelonako alkateak ‘proces’ auzian “preso politikoak” zigortzeko epaia emango balute, horien alde egingo lukeela esan ostean.
Dena dela, Sanchezek ez dio erantzun nahi izan Ciudadanosekin Podemosekin baino erosoago egongo litzatekeen galderari, eta azpimarratu du Albert Riveraren alderdiarekin ere desadostasun handiak dituela Estatu gaietan, Cudadanosen asmoa baita, adibidez, Kataluniako autonomia etetea.
Kataluniako gaur egungo egoera politikoari dagokionez, kazetariak 155. artikulua aplikatuko ote lukeen galdetu dio, eta Sanchezek “Gobernuak Estatuaren baliabide guztiak" erabiliko dituela esan du, “Konstituzioa babesteko beharrezkoa bada”. "Ez dago zalantzarik", gaineratu du.
Azkenik, Sanchezek azpimarratu du azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan gehiengo zabalagoa lortzea espero duela, horrela "egonkortasuna ardatz" izango duen Gobernua osatu ahal izango baitu.
"Jarduneko gobernuburu batek lasai lorik egiten ez duenean, Moncloako lastaira nahi duen beste aldiz aldatzeko aukera du", baina asko sufritzen ari den jendeari "errespetua faltatzerik" ez du, besteak beste, gobernurik ez dagoelako, erantzun dio Iglesiasek Sanchezi ostiral honetan.
Antena 3 telebistan elkarrizketa egin diote koalizio moreko buruzagiari. "Lasai lo egin ahal izateko botere guztia bildu" beharra aurpegiratu dio Iglesiasek PSOEko idazkari nagusiari. Podemoseko buruaren ahotan, ostegun honetako adierazpenek uztaileko koalizio-gobernu eskaintza benetakoa ez zela "frogatu" dute.
"PSOEk ez du koalizio gobernu bat sekula nahi izan. Eskaintza hura ez zen zintzoa izan", adierazi du Iglesiasek. Zertaz damutzen den galdetu diotenean: "Gobernuko presidenteari sinesteaz", erantzun du koalizio moreko buruzagiak. "Gezurretan" aritzea leporatu dio Iglesiasek Sanchezi.
"Pedrok gezurra esan zidan, hauteskundeak baino lehen eta ondoren koalizio-gobernu bat osatuko genuela esan zidan, eta nik sinetsi nion. Izatekotan, bere hitzetan sinestea izan zen nire hanka-sartzea", adierazi du.
Podemoseko buruzagiaren hitzetan, "hauteskunde hauetan familiak nork babesten dituen dago jokoan"; atzeraldi ekonomikoa baldin badator, "murrizketak goitik egitea, eta ez behetik".