Politika -

Egutegia

N10erako bidea

Hauteskunde-kanpaina zortzi egunekoa izango da eta alderdi politikoek % 30eko diru-laguntza gutxiago izango dute horretarako.

Hauteskunde-egutegia. Argazkia: EiTB
Hauteskunde-egutegia
Hauteskunde-egutegia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei egun barru, irailaren 23a bukatu bezain laster, Espainiako Gorte Nagusiak desegin eta hauteskunde-errepikapenerako bidea berriro hasiko da. Lau urtetan lau hauteskunde orokor izango dira Espainian; horrenbestez, azaroaren 10ean izango dira hauteskunde orokorrak.

Alderdi politikoen jarrerak ikusita, zaila da azken orduko balizko akordio batera heltzea eta XIII. legealdiaren bizitza luzatzea.

Hala ere, azken orduko akordioa emango balitz, ostiral arratsaldera arte epea legoke Kongresuko presidenteak inbestidura ekitaldia deitzeko. Inbestidura eztabaida irailaren 21ean, larunbat goizean, egingo litzateke, eta lehen bozketa, larunbat gauean. Lehen bozketan hautagaiak porrota jasoko balu, bigarren bat deituko lukete astelehenerako, irailaren 23rako, betiere eguna bukatu baino lehen.

Horrekin batera bilera-sorta "arina" egin beharko lukete Parlamentuko alderdietako ordezkariek erregearekin.

Baina, antza, ez da holakorik gertatuko eta irailaren 23an legealdia amaituko da; 24an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute hauteskunde-deialdiaren dekretua eta Gorteak desegingo dituzte.

Irailaren 25ean hauteskundeetarako atzerako kontaketa hasiko da; oraingo honetan 47 egun izango dira, ohiko 54 egunen ordez, horrela ezartzen baitu 2016an alderdiek adostutako Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren aldaketak.

Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria oinarritzat hartuta, oraingo hauteskunde-prozesua laburragoa, merkeagoa eta biziagoa izango da.

Izan ere, epeak aurreratu egiten dira, eta hauteskunde-kanpaina zortzi egunekoa izango da, ohiko bi astekoaren ordez. Gainera, alderdi politikoentzako diru-laguntzak murriztu egiten dira, baita alderdiek gastatu ahal dutena ere; eta, inkesten zabalkundea ere txikiagoa izango da.

Horrenbestez, azaroaren 1ean hasiko da hauteskunde-kanpaina eta 10ean hauteskundeak izango dira. Ondoren, XIV. legealdiari hasiera emango zaio.

Porrot egindako inbestiduraren kronologia

Uztailaren hasieran bukaerara arte bete den egutegia zehaztu zuten; hau da, inbestidura eztabaidek porrot egitekotan hauteskunde orokorren eguna noiz izango zen ezarri zuten.

Uztailaren 22an, Meritxell Batet Kongresuko presidenteak hedabideen aurrean azaldu zuen inbestidura ekitaldiaren lehen bozketa 23an izango zela, eta bigarrena 25ean.

Pedro Sanchez hautagai sozialistak bere burua aurkeztu zuen erregeak eskatuta, baina porrot egin zuen lehen eta bigarren eztabaidan; horrenbestez, Konstituzioaren 99. artikuluak jasotako epea ezarri zuten alderdien arteko akordioa adostu eta inbestidura berri bat egiten saiatzeko.

Erregeak hautagairik aurkezten ez zuela iragarri zuen asteartean. Beraz, irailaren 23an, datorren astelehenean, laburtu ezin den epe hori eta legealdia amaituko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak