Politika -

Inbestidura

Pedro Sanchezek baieztatu du hauteskundeak errepikatuko direla

Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du apirileko hauteskundeetatik "ahal zen guztia" egin duela Gobernu "moderatua" eta "fronterik gabea" osatzeko.

Pedro Sanchez, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Sanchezek ez du babes nahikorik lortu eta hauteskundeak errepikatuko direla esan du

9:02

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du apirileko hauteskundeetatik "ahal zen guztia" egin duela Gobernu "moderatua" eta "fronterik gabea" osatzeko, baina "ezinezkoa" izan dela; horregatik, hauteskunde errepikapena izango dela aurreratu du.

Moncloa Jauregian emandako prentsaurrekoan, Sanchezek PPri, Ciudadanosi eta Unidas Podemosi leporatu die inbestiduraren blokeoa. Azken horretan jarri du azpimarra, "lautan galarazi" duelako Gobernu aurrerakoia osatzea.

"Ahal zen guztia egin dut, baina ezinezkoa izan da. Espainiarentzat Gobernua osatzen saiatu naiz, Gobernu bat, ez edozein, nire ustez Espainiak behar duena aurrean ditugun erronkei aurre egiteko", azaldu du Sanchezek.

"Bi alderdi politiko kontserbadorek eta ezkertiar batek nahiago izan dute gobernuaren osaketa blokeatu. Espainiarrei eskatuko diegu argiago esan dezatela datorren azaroaren 10ean", adierazi du Sanchezek Moncloan.

Sanchezek "behingoz egonkortasunaren bidea" hartzea eta "herriak aurrean dituen erronkei eta eraldaketei aurre egitea" espero du.

Felipe VI.ak ez du hautagairik proposatu

Espainiako erregeak ez du adostasun nahikoa bilduko lukeen hautagairik aurkitu, eta ez du inor proposatu inbestidurarako, beraz, hauteskunde errepikapenari ateak ireki dizkio.

Hori horrela, Felipe VI.a erregeak horixe helarazi dio Meritxell Batet Kongresuko presidenteari, eta hauteskunde errepikapenaz ezer esaten ez badu ere, Konstituzioaren 99. artikuluari egin dio erreferentzia.

Artikulu horretan agertzen da lehen inbestidura saiakeratik bi hilera hautagairik ez balego hauteskundeak errepikatuko direla.

Felipe VI.ak azken bi egunotan buruzagi politikoekin izandako bilerak amaituta, astearteko 20:30 aldera, erregearen Etxeak oharra zabaldu du; testuan, nabarmenduta dago ez dagoela Diputatuen Kongresuak "bere konfiantza emateko" adina babesik duen hautagairik.

Oharrean azalduta dagoenez, eta Meritxell Batet Kongresuko presidenteari hilaren 12an, bilera-sorta hau deituta, jakitera eman zioenari jarraituz, Felipe VI.ak jakitera eman dio Bateti ez duela hautagairik proposatuko, "Konstituzioaren 99. artikuluan aurreikusita dagoena kontuan izanik".

Irailaren 23an, astelehenarekin, epea amaituko da

Hortaz, artikulu horrek zer zehazten duen aztertuta, datorren astelehenean, hilaren 23an, amaituko da bi hilabeteko epe hori, Ganberak desegingo dira, eta hauteskunde orokorrak deituko dituzte.

Hauteskundeak azaroaren 10erako deituko dira, eta ez 17rako, hauteskunde legearen aldaketaren aurretik izan beharko litzatekeen moduan.

Hauteskunde berri hauetan martxan jarriko dira lehen aldiz 2016an onartutako aldaketak. Besteak beste, hauteskundeak deitu eta 38. egunetik aurrera hasiko da kanpaina, azaroaren 1ean, eta 8 egun iraungo du, 15 egunekoa izan beharrean; beraz, azaroaren 8ko gauerdian amaituko da.

Hauteskunde jarduerako gastuak murriztu egingo dira % 30, eta gastuaren muga erdira jaitsiko da.

Era berean, hedabide publikoetako doako hauteskunde propaganada erdira murriztuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskunde orokorrak Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia albisteak Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak