Politika -
Eusko Legebiltzarra
EH Bilduk Madrilera ez begiratzeko eskatu dio Urkulluri, 'geldialdi'tik ateratzeko
Era berean, Iriartek espero du EAJk EH Bildurekin Autogobernurako Lantaldean adostutako akordio "historikoa errespetatuko duela", estatus politiko berri batera bidean.
agentziak | erredakzioa
Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio ez begiratzeko Madrilera EAE "geldialdi" fasetik atera dadin; eta aurrekontu sozial eta aurrerakoiak negoziatzeko proposamena egin dio.
Iriartek koalizioko legebiltzarkideekin egin duen batzarrean egin ditu adierazpenok, Espainiako ezegonkortasun politikoak EAE kutsa dezakeela ohartarazi aurretik.
Gaineratu duenez, ezegonkortasun hori "gaixotasun kronikoa" da Espainian, eta EAE kutsatzeko arriskua dago Urkulluren Jaurlaritzaren jarreragatik, "Madrilera begiratu besterik ez baitu egiten".
Bestalde, Iriartek espero du EAJk EH Bildurekin Autogobernurako Lantaldean adostutako akordio "historikoa errespetatuko duela", estatus politiko berri batera bidean. "Egiturazko arazo bati irtenbidea bilatzeko aukera daukagu", azpimarratu du.