Politika -

PP-ren BILTZARRA GASTEIZEN

Alvarez de Toledok piztutako sua itzali du Casadok, Euskadiko PPri babesa emanez

EAEko PPren proiektuari bere babes osoa eman dio gaur Pablo Casadok Gasteizen. "PPk ez du zentzurik euskal PPrik gabe", adierazi du, eta gainditutzat eman du foralitatearen inguruko eztabaida.

Amaya Fernandez, Alfonso Alonso y Pablo Casado gaur Gasteizen. Argazkia: EFE
Amaya Fernandez, Alfonso Alonso eta Pablo Casado gaur Gasteizen
Amaya Fernandez, Alfonso Alonso y Pablo Casado gaur Gasteizen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Casado PPko presidenteak babes osoa eman die gaur Euskadiko ordezkariei eta horiek defendatzen duten proiektuari: "PPk ez du zentzurik euskal PPrik gabe", esan du, eta erabat gainditutzat jo du Cayetana Alvarez de Toledo Kongresuko bozeramaileak foralitatearen inguruan irekitako eztabaida, "erabat konstituzionala baita".

EAEko PPren biltzarraren amaierako hitzaldian egin du hausnarketa hori Casadok. Atzo, bezperan, polemika handiz ekin zioten biltzarrari. Izan ere, Alvarez de Toledok Euskadiko PPren "profil propioa" kritikatu zuen, foralitatea defendatzen dutelako, eta era berean, abertzaletasunarekin jarrera "epela" eduki izana leporatu zien. Kritika horiek haserre handia sortu zuten euskal popularren artean, eta erantzun gordinak eman zizkioten Ramon Rabanerak eta Borja Semperrek, besteak beste.

"Ni ere euskal PPkoa naiz, zuengatik ez balitz ez nintzateke politikan izango eta ez nintzateke alderdiko presidente izango. PPk ez du zentzurik euskal PPrik gabe", aldarrikatu du Casadok hitzaldiaren hasieran. Bere alderdian, oro har, "musika bera" jotzen dutela defendatu du, baita "bakarlariren bati notaren batek ihes egiten dionean pianoren bat ixilarazteko" dagoela ere.

Casadoren aurretik Alfonso Alonso Euskadiko PPko buruak hitz egin du. "Lagun eta kideen artean ez da polemikarik egon behar", esan du eta "gauza hauen inguruan eztabaida bat gehiago ere ez" duela nahi adierazi du: "Gure presidentea Moncloara eraman beharra daukagun tipo zoragarria da, eta ez daukagu denborarik tontakeriatarako", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Amaya Fernández Pablo Casado Blanco