Politika -
EH Bilduren batzar nagusia
Otegi:'Hauteskundeak etengabe errepikatzeak Estatuaren krisi larria agerian uzten du'
Hauteskunde orokorrak errepikatzen baldin badira "batzuek aurrerakoi deitzen dioten gobernu bat errepikatzeko aukerarik berriz ez da emango", adierazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainian hauteskunde orokorrak berriz deitzeko aukeraren aurrean, "hauteskundeen errepikapen etengabea Espainiako Estatuak bizi dituen krisi larrien seinale da", esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
EH Bilduk batzar nagusia egin du goizean, Bilbon. Hauteskunde orokorrak errepikatzen baldin badira "batzuek aurrerakoi deitzen dioten gobernu bat errepikatzeko aukerarik berriz ez da emango", adierazi du Otegik.
Ohartarazi duenez, "Espainiako Estatua inboluzio antidemokratikora eta autoritarismora egiten ari den bidea bizkortuko da".
PSOEk eta Unidas Podemosek gobernagarritasun akordiorik lortzen ez baldin badute, hauteskunde orokorrak errepikatzeko aukera mahai gainean dago. "Krisitik ateratzeko hauteskunderik ez dago", gogorarazi du koalizioko buruzagiak.
Otegiren hitzetan, hauteskunde orokorrak errepikatzen badira, "batzuen arduragabekeria eta arinkeriagatik izango da, baina baita Espainiako Estatua ez delako gai bere krisi larriei konponbide demokratikorik emateko ere".
"Joera naturala eta konstante historiko bat da; errepresioaren, kartzelaren, epaien eta epaileen bidez, autodeterminazio eskubidearen ariketaren bitartez burujabetza bilatzen duten herriak geldiaraztea posible dela pentsatzea", kritikatu du politikari abertzaleak.
Espainiako egoera politikoaren eta hauteskunde berriak egiteko aukeraren aurrean, EH Bildu "balio seguru" bat dela nabarmendu du Otegik, "agintzen duena" betetzen duelako.