Politika -

NAFARROAKO PARLAMENTUA

Altsasuko gurasoek 'babesa' eta 'ausardia' eskatu diete erakundeei

Altsasu Gurasoak plataformako ordezkaritza batek agerraldia egin du Nafarroako parlamentuan, Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen helegitea aztertu baino egun batzuk lehenago.

Altsasu Gurasoak plataformako kideak Nafarroako parlamentuan. Argazkia: @Altsasugurasoak
Altsasu Gurasoak plataformako kideak Nafarroako parlamentuan
Altsasu Gurasoak plataformako kideak Nafarroako parlamentuan. Argazkia: @Altsasugurasoak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasu Gurasoak plataformako ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur goizean Nafarroako parlamentuan, eta erakundeei "babesa" eta alderdi politikoei "ausardia" erakusteko eskatu die.

"Gure auziari ematen zion erantzuna eredu izan daiteke egoera bidegabeak heltzeko", adierazi du Bel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren amak. Harekin batera Nafarroako parlamentuan izan dira Amaia Amilbiia, Jon Ander Coben ama, Paz Frances Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Penaleko irakaslea eta Aritz Leoz Altsasukoak aske plataformako kidea.

Auzitegi Gorenak datorren irailaren 18an erabakiko du Altsasuko gazteen zigorren aurka jarritako helegiteei buruz, eta hitzordu horren atarian izan da gaurko agerraldia. Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteen kontra ezarritako zigorra berresteko eskatu zion Fiskaltzak Auzitegi Gorenari. Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Sekzioak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zien auzipetuei, 2015eko urriaren 15ean bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrengatik, terrorismoa egotzi ez arren. Agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egotzi zizkieten.

Bel Pozuetaren esanetan, bizitzen ari diren egoera "lazgarria" da. Halaber, behin-behineko espetxealdia legez kanpo aplikatzen ari direla eta "ohiz kanpoko akusazio judizial" baten ondorioak pairatzen ari direla salatu du. Izan ere, hasiera batean Altsasuko gazteei terrorismo delitua egotzi bazieten ere, gerora, delitu horretatik absolbitu egin zituzten.

Ondorioak "suntsitzaileak" izaten ari dira adierazi du Amaia Amilibiak. Oinarrizko giza eskubideak urratzen ari direla iritzita, altxatzeko deia egin die alderdi politikoei. Horrez gain, errugabentasun presuntzioa, intimitate eta ohore eskubideak bermatzea eta epaiketa justu, proportzional eta bidezko baterako eskubideak zaintzea eskatu du.

Bestalde, Francesen hitzetan, auzi honetan gertatu dena ez da "desadostasun juridiko hutsa, hori baino gauza serioagoa da". Gaineratu duenez, giza eskubideen kontua da eta, hori dela eta, erakundeek neurriak hartu behar dituztela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Nafarroan Auzitegi Gorena albisteak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentuko albisteak Altsasu albisteak Gazteak Aitak albisteak