Politika -
Gasteizen
EAEko PPk konbentzioa egingo du gaur eta bihar, 'leku propioa' bilatu nahian
Alvarez de Toledo PPk Kongresuan duen bozeramailea oso kritiko azaldu zen atzo Alonsoren alderdiak foruen defentsa egingo duela jakin ostean. Adierazpenek ondoeza eragin dute EAEko PPn.
Agentziak
Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteetan izandako boto galera nabarmenari aurre egin nahian, euskal politikagintzan bere lekua topatu nahi du Alfonso Alonso buru duen PPk. Hala, Madrilgo zuzendaritzaren aurrean "berezko nortasuna" izango duen indar politikoaren oinarriak ezarri nahi dituen konbentzioa egingo du gaur-biharretan, Gasteizen. Besteak beste, foruen eta EAEko eskubide historikoen defentsa aldarrikatuko dute. Horren aurrean oso kritiko azaldu zen atzo Cayetana Alvarez de Toledo PPk Kongresuan duen bozeramailea. Horren ustez, "oso larria" da EAEko PPk foruen aldeko apustua egin izana. Adierazpenok ondoeza eragin dute euskal 'popularren' artean, Laura Garridok Euskadi Irratiari gaur eskainitako elkarrizketa batean aitortu duenez.
Arlo politiko, ekonomiko eta sozialean aurrerantzean EAEko PPk izango dituen ardatzak zehaztuko dituzte biltzarrean. Bihar eguerdian bukatuko da, Alfonso Alonso buruzagiaren eta Pablo Casado PPko presidentearen hitzaldiekin.
Alonsok berak hainbat elkarrizketatan azaldu duenez, Euskadirako proiektu propioa marraztea da asmoa; izan ere, EAEko PPk "argi eta garbi" du bere bidea egin behar duela, Madrilgo zuzendaritzaren bidetik harago.
"Gure iritzia dugu, gure jarrera. Guretzat foruen auzia oso garrantzitsua da. Suposatzen dut Murtzian ez dela garrantzitsua, baina guretzat erabakigarria da", adierazi du EAEko PPren buruak, eta erregimen berezi hori Espainiako Konstituzioak berak babesten duela azpimarratu du.
Hain zuzen, konstituzionaltasunaren "etxe komuna berreskuratzea" ere ezinbestekotzat jo dute, "jarrera sektario eta onartezinak" alboan utzita, Amaya Fernandez EAEko PPren idazkari nagusiaren hitzetan.
Sei txosten tematiko eztabaidagai
"Badira arrazoiak" lelopean, 17:00etan abiatuko da biltzarra, Gasteizko Europa Jauregian. Ordu laurden lehenago, EAEko PPren historia laburbiltzen duen erakusketa inauguratuko du Alonsok.
17:15ean, txosten tematikoak eztabaidatzeari ekingo diete. Sei dira guztira: berdintasun inklusiboa, ekintzailetza, kontakizun demokratikoa, erradikalizazioaren prebentzioa, klima aldaketa eta erronka demografikoa eta hezkuntza.
Lurralde politikari dagokionez, erronka demografikoari aurre egiteko plana aurkeztuko dute (500 milioi euroko aurrekontua du). EAEko ekonomia eta industria suspertu nahian, beste egitasmo bat dute mahaigainean. Eta fiskalitatearen erreforma, langabezia eta pobrezia ere izango dituzte hizpide.
Larunbatean, 10:30ean abiatuko da konbentzioa, Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidentearen hitzaldiarekin. Segidan, txostenak eztabaidatzen jarraituko dute. Alfonso Alonsok eta Pablo Casadok itxiko dute biltzarra, 12:30ean.