Politika -
Euskadiko PP-REN BILTZARRA
Alvarez de Toledok Euskadiko PPren kontra egin du foruak babesteagatik
Alderdi Popularrak "izaera propioa" izan nahi du EAEn, eta hala defendatuko du bere biltzarrean. Kongresu horren bezperan iritsi dira Cayetana Alvarez de Toledoren kritikak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularrak bi eguneko biltzarra abiatuko du ostiral honetan Gasteizen. Alfonso Alonsok aurreratu du PPk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "izaera propioa" izatea aldarrikatuko dutela kongresuan, alderdia indartzeko asmoz.
Cayetana Alvarez de Toledo Alderdi Popularrak Kongresuan duen bozeramailearen iritzian, "oso larria" da EAEko PPk foruak babestea eta izaera propioa nahi izatea. Horren ustez, Alfonso Alonsok zuzentzen duen alderdiak euskal abertzaletasunaren aurrean "epelkeriaz" jokatuz lortu nahi du hauteskundeetako emaitzak hobetzea.
Euskadi Suma balizko koalizioaz galdetuta, Alonsok baztertu egin du Ciudadanosekin bat egiteko aukera, besteak beste, alderdi horrek ez dituelako babesten Kontzertu Ekonomikoa eta foruak.
"Ez dakit zertaz ari diren 'izaera propioa' aipatzen dutenean, baina gure ordenamendu juridikoan eskubide historikoentzat, Konstituzioaren gainetik, eremu erreserbatuak daudela esaten ari badira, akats larria izango litzateke", adierazi du Alvarez de Toledok.