Politika -
Diada
Junquerasek eta Puigdemontek batasuna eskatu dute Diadarako, epaiaren atarian
Artikulu batean, irailaren 11n "ohiz kanpoko mobilizazio bat" egiteko deia egin diete herritarrei, Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan baino lehen.
Agentziak | Erredakzioa
Espetxean edo atzerrian dauden Kataluniako buruzagi independentistek Diada egunean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, eta batasuna eskatu diete prozes auziko epaia jakin aurretik, azken egunetan ERC eta JxCat alderdiek desberdintasunak agerian utzi dituzten arren.
Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izan baino lehen, asteazkenean "ohiz kanpoko mobilizazio bat" egiteko deia egin diete buruzagi independentistek herritarrei, izan ere, "giza eskubideen eta eskubide zibilen zein politikoen kontrako errepresioa" ez dela desagertu salatu dute.
Zehazki, epaiaren zain dauden politikari hauek sinatu dute artikulua: Dolors Bassa, Jordi Cuixart, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull, Jordi Sànchez eta Jordi Turull. Halaber, atzerrian dauden ondorengo politikariek ere sinatu dute: Antoni Comin, Anna Gabriel, Clara Ponsati, Lluis Puig, Carles Puigdemont, Marta Rovira eta Meritxell Serret.
Testuinguru horretan, irailaren 11ko manifestazioa "etorkizunera begirako eta konfiantza izateko aldarria izango da", horien esanetan. "Ez diegu utziko nahi dugun herrialdea egiteko ilusioa kentzen", gaineratu dute buruzagiek.
Gainera, Diada egunean, "bakoitzaren ikuspuntua eta iritzia errespetatuz baina guztiak bat eginda", "manifestazioetan gero eta herritar gehiago batzeko eta autodeterminazioaren aldeko aldarria nazioartean zabaltzeko" gai izan direla nabarmendu dute politikariek. Hala, 2017ko urriaren 1a "batasunari esker" izan zen posible, horien arabera, eta "errepresioaren helburu nagusietako bat banaketa" dela ohartarazi dute.
"Frustrazioaren aurrean, urriaren 1eko lasaitasunera, eskuzabaltasunera, heldutasunera eta determinaziora itzuli behar da", azpimarratu dute buruzagi independentistek artikulu horretan. Ildo horretatik, irailaren 11ko manifestazioa "Kataluniako herritarren borondate demokratikoaren mugarri eztabaidaezina" bihurtzeko eskatu dute.
"Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean, Diadaren arrakasta izango da erantzunik onena, izan ere, mugimendu independentistaren indarra eta ahalmena erakusteko aukerarik onena izango da. Bidezkoa den epai justu bakarra auzipetu guztien absoluzioa dela argi eta garbi esateko balio izango du", azpimarratu dute politikariek.
Gainera, Mariano Rajoyren (PP) eta Pedro Sanchezen (PSOE) gobernuek "ez dute nahi baldintzarik gabeko elkarrizketa eraikitzailerik", eta "arazo politiko bati ebazpen politikoa ematea baztertu dute", horien ustez.
Horrela, "atzerapauso demokratikoa" izan dela salatu dute, eta Kataluniako auzia "independentismoaz haratago doa" eta "herritar guztiei eragiten die", gaineratu dute. Hori dela eta, "eskubide eta askatasunen alde" lan egiteko deia egin diete "demokrata guztiei".
Arrazoi horiek guztiak direla eta, hilaren 11n independentistak Bartzelona betetzea eskatu dute "duintasun demokratikoaz eta askatasunaz, independentzia eta Kataluniako Errepublika defendatzen jarraitzeko, inolako beldurrik gabe".