Politika -

Kartzela politika

Hego Euskal Herriko presoek ere baldintzapeko askatasuna eskatu ahalko dute Frantzian

Horixe erabaki du Frantziako Konstituzio Kontseiluak gaur bertan, eta hurrengo uztailera arteko epea du Macronen Gobernuak legea onar dezan.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa Donostian. Argazkia: Efe
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa Donostian. Argazkia: Efe
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa Donostian. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko presoek ere baldintzapeko askatasun eskaera egin ahalko dute Frantziako Estatuan, Frantziako Konstituzio Kontseiluak gaur ebatzi duenez. Macronen Gobernuari uztailera arteko epea utzi dio Konstituzio Auzitegiak hori baimenduko duen legea onartu dezan.

2016. urtean aldatu zuten Frantziako zigor prozedurako kodea, eta orduan erabaki zuten terrorismo delituengatik zigortuak zeudenek baldintzapeko askatasun eskaerak egiteko hiru urterainoko froga epea bete behar zutela, zaintza neurriekin. Baina orduan sortzen da arazoa frantziar lurraldean egoteko debekua duten Hego Euskal Herriko presoentzako. Euren egoerak ez die uzten baldintza hori betetzen eta, beraz, ezin dute eskaera egin.

Alaitz Areitio ETAko presoaren kasutik abiatuta, bere abokatuak, Maritxu Paulus Basurcok, arazo hori planteatu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluaren aurrean, eta horrek erabaki du zigor prozedurako artikulu hori Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela. Ondorioz, 2020ko uztailaren 1erarteko epea eman diote Frantziako Gobernuari legea aldatu dezan.

EPPK

EPPKko kideek uztaileraino itxaron ez, eta legea berehala aldatzeko eskatu diote Macronen Gobernuari.

Bestalde, Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak adierazi du hainbat presori ezarritako DPS estatus berezia altxatzen hasi dela. Estatus horrek ez du presoen hurbiltzea eragozten, baina oztopoa da aukera aztertzerako orduan. Tramite horrek, beraz, presoak hurbiltzea erraztuko luke.

Sortuk jakinarazi duenez, azken egunetan 6 presok jaso dute ezarrita zuten DPS estatus berezi hori bertan behera geratzen zenaren inguruko jakinarazpena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea bideoak Presoak argazkiak Frantzia bideoak ETA Eguneko albisteak Albisteak