Politika -

Lege proposamena

C1 mailara arte euskaraz doan ikasteko aukera eskatu dute EH Bilduk eta Podemosek

Lege proposamenean jasotako beste puntu garrantzitsu bat da euskal administrazioak bermatu beharko duela funtzionarioek euskara ikasteko 600 ordu izatea.

Rebeka Ubera eta Lander Martinez. Argazkia: EFE
Rebeka Ubera eta Lander Martinez
Rebeka Ubera eta Lander Martinez. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde parlamentariek adostu dute euskararen ikaskuntzarekin lotutako legeak C1 mailara arte euskaraz doan ikasteko aukera bermatzea euskal herritar guztiei.

Hain zuzen ere, EH Bilduk aurkeztutako lege proposamen horri buruzko eztabaida abiatu dute Legebiltzarrean. Proposamen horrekin euskararen doako ikaskuntza arautu nahi du koalizio abertzaleak. Horrekin lotuta, Elkarrekin Podemosekin hainbat zuzenketa hitzartu ditu, jatorrizko testua "hobetze" aldera.

Ostiral honetan aurkeztu dute akordioa Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak eta Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, prentsaurreko batean, eta hitzarmen horrekin bat egiteko deia egin diete Eusko Jaurlaritzako gainerako bi alderdiei, EAJri eta PSE-EEri. Izan ere, oraingoz proposamena itxi gabe dago, eta gainerako alderdien ekarpenak jasotzeko prest agertu dira.

Esan bezala, berritasun garrantzitsuena litzateke euskal administrazioak ordaindu beharko lituzkeela C1 mailara arteko euskarazko ikasketak.

Lege proposamenean jasotako beste puntu garrantzitsu bat da euskal administrazioak bermatu beharko lukeela funtzionarioek euskara ikasteko 600 ordu izatea, lanean hasten direnetik erretiroa hartzen dutenera arte.

Uberak argi utzi du ez luketela aukera hori galdu beharko, jendeak euskara doan ikasteko eskubidea izan dezan. Martinezek, berriz, horretarako existitzen diren trabak ezabatzeko premia azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi