Politika -
Presoak
Auzitegi Nazionalak Marisol Iparragirre espetxeratzeko agindu du
Frantzian ezarritako zigorra beteta, ETAko buruzagi ohia asteazken honetan eraman dute Madrilera. Hainbat delitu egotzi dizkio Auzitegi Nazionalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak Marisol Iparragirre espetxean sartzeko agindua eman du, Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez.
Frantzian ia 20 urteko espetxe-zigorra bete ostean, 'Anboto' asteazken honetan eraman dute Madrilera. 12 kasutan auzipetuta dagoela jakinarazi diote, eta kartzelan sartu dute.
Marisol Iparragirre 2004ko urrian atxilotu zuten Frantzian, Mikel Albisu bikotekidearekin batera. Albisu urtarrilean geratu zen libre, zigorra beteta. Frantziako agintariek Espainiaratu egin zuten Albisu, baina aske geratu zen, Estatu espainiarrean auzirik ez duelako.
Bestalde, Sortuk oharra kaleratu du Marisol Iparragirre espetxeratzeko erabakia salatu, eta azken hamarkadan ETAren armagabetzea eta desegitea ekarri duen bake-prozesuan izan duen papera azpimarratzeko.
Ezker abertzaleak Iparragirreri nahiz Josu Urrutikoetxeari ezarritako "zigor bikoitza" salatu du. "Estatu espainiarrak bake-prozesua behin betiko lurperatzea beste xederik ez du. Hala, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizunaren itxaropena eta aukera desagerrarazi nahi dute", kritikatu du.