Politika -

PP

PP absolbitu du epaileak Barcenasen ordenagailuen auzian, froga nahikorik ez duelako

Carmen Navarro diruzain ohia, Alberto Duran Aholkularitza Juridikoko burua eta Jose Manuel Moreno popularren informatika departamentuko arduraduna ere absolbitu ditu Eduardo Muñoz de Baena epaileak.

Luis Barcenas. Argazkia: EFE
Luis Barcenas
PP absolbitu du epaileak Barcenasen ordenagailuen auzian

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas diruzainaren ordenagailuak ezabatzeagatik abiatutako auziaren harira, Madrilgo Zigor Arloko 31. Epaitegiak PP absolbitzea erabaki du, "froga nahikorik" ez dagoela iritzita. Absoluzio ebazpena ez da irmoa, eta helegitea jartzeko aukera dago Madrilgo Probintzia Auzitegian.

Carmen Navarro diruzain ohia, Alberto Duran Aholkularitza Juridikoko burua eta Jose Manuel Moreno popularren informatika departamentuko arduraduna ere absolbitu ditu Eduardo Muñoz de Baena epaileak, delitu horrekin eta ustezko estalketarekin lotuta.

Defentsek egindako eskariei men eginez, Fiskaltzak Botin doktrina aplikatzea eskatu zuen, epaiketarik egin behar ez izateko, baina eskaria atzera bota zuten geroago.

Epaileak kalte informatikoen eta estaltze delituetatik absolbitu ditu hiruak, ahozko epaiketan ez dutelako egiaztatu ahal izan disko gogorrak ezabatu eta txikitu zituztenean Auzitegi Nazionalaren ikerketa oztopatu edo zaildu nahi zutenik.

Era berean, epaileak uste du ez dela frogatu Carmen Navarrok bi ordenagailu eramangarrien disko gogorren ezabatze segurua egiteko prozeduran esku hartu zuenik.

Hori horrela, epaileak PP ere absolbitu du kalte informatikoen aferan, leporatzen zitzaion delitu bakarrean, frogatuta geratu delako ordenagailuetako bat alderdiarena zela, eta bestea ez dakitelako PPrena edo Barcenasena den.

Morenoren kasuan, suntsitutako disko gogorretan datu edo artxiboren bat zegoenik ere ez du frogatutzat eman, edo datu horiek ez zeudenik Auzitegi Nazionalaren eskuetan ordurako, edo bestelako edukiontzi batzuetan, Luis Barcenasen esku, edo PPren posta zerbitzu korporatiboan.

Kalte informatikoak baztertuta, beraz, estaltzearena geratzen zen. Ebazpenak hiru akusatuak absolbitu ditu kasu horretan ere 'in dubio pro reo' printzipioan oinarrituta (frogen interpretazioa zalantzagarria bada, akusatuaren alde).

"Gure legegileak ez du bilatzen inor zigortzea zailtzea edo ezinezkoak diren ziurtasunak eskatzea, baizik eta frogen bidez epaitu behar duena ziur egotea gertakiaren errealitateari buruz, pisuzko zalantzarik gabe. Ezabatzea zergatik egin zen argi ez badago, eta zalantzak logikoak badira, absolbitu egin behar da", azaldu du ebazpenean.

Epaiketa abiatu eta bi hilabetera eman dute epaia. PP absolbitzeaz gain, epaiketaren kostuak herri akusazioen esku utzi dituzte; alegia, Ezker Batuak, ADADEk eta Observatori Descek ordaindu beharko dituzte prozesuko gastu guztiak.

PPk "barkamena eskatzeko" esan die PSOEri eta Podemosi

PP gustura agertu da ebazpena dela eta, eta PSOEri eta Unidas Podemosi "barkamena eskatzeko" esan die alderdiaren ohorea zalantzan jartzeagatik eta kasu horrekin "siglei kalte egin" nahi izateagatik.

PPk azpimarratu du "egia nagusitu" delako eta "beti legea errespetatuz" jokatu duela egiaztatu delako, iturri popularrek azaldu dutenez.

"Justizia erabatekoa izan dadin", hala ere, PPk PSOEri, Unidas Podemosi eta "alderdiaren eta bere langileen ohorea zalantzan jarri duten guztiei" publikoki barkamena eskatzeko esan die, "epailearen azken erabakiari itxaron gabe akusazioak" egitearren.

"Soilik horrela itxiko da Justiziaren zirkulua, beti zuzen jokatu duen alderdia dela egiaztatu delako, eta oinarrizko eskubidea den errugabetasun presuntzioa kontuan izan gabe jokatu dutelako", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia Politika PP Delituak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak