Politika -
Epaiketa
Emakume feminista independentistek Majarenasen eskubideak bermatzea eskatu dute
Aitak alabari eraso egin zionetik Justiziak ETAko preso ohiari "oztopoak jarri besterik ez" duela egin salatu dute.
agentziak | erredakzioa
"Emakume feminista, ezkertiar eta independentistek" osatzen duten kolektibo batek Sara Majarenas ETAko preso ohiaren eta Izar bere alabaren "eskubideak bermatzea" eskatu du. Izan ere, hilaren 10ean hasiko dira epaitzen Majarenasen senar ohia, Izar alabari labanaz eraso egiteagatik. Epaituko duen justizia ez dela haiena salatu dute.
Emakume talde horrek batzarra egin du gaur Donostian Majarenasen eta Izarren aldeko plataformak deitu duen manifestazioarekin bat egiteko. Gipuzkoako hiriburuan izango da manifestazioa igandean, haurraren aitaren aurkako epaiketa hasi baino bi egun lehenago, eta "epaiketa justua" izan dadila eskatuko dute.
"Espainiako justizia zapaltzailea izan da berme-emailea baino gehiago emakumeen eta euskal herritarren eskubideen kasuan", adierazi dute feministok sinatu duten agirian. Gainera, Euskal Herrian 2003tik indarkeria matxistak 101 emakume hil dituela gogorarazi dute.
Aitak alabari eraso egin zionetik Justiziak ETAko preso ohiari "oztopoak jarri besterik ez" duela egin salatu, eta "tortura babesten" duen "justizia eredua" dela adierazi dute.
"Historikoki eskubideak behin eta berriz urratu dituen justizia izango da Sararen eta Izarren bizitzen inguruan erabakiko duena", gaineratu dute.
----------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.