Politika -
Nazioarteko eguna
Foro Sozialak 'behartutako desagertzeak' ikertzeko batzordea osatzea eskatu du
Gainera, Abuztuaren 30ean Euskal Herrian ere 'Behartutako Desagertzeen Nazioarteko Eguna' ofizial izatea proposatu du.
agentziak | erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorrak proposatu du abuztuaren 30a 'Behartutako Desagertzeen Nazioarteko Eguna' izatea ofizialki Euskal Herrian ere. Gainera, 'Egiaren Batzordea' eratzeko "beharrezko adostasunak" lortzea proposatu du.
Foro Sozialak ikerketa baten emaitzak plazaratu zituen martxoan, eta horren arabera, 482 kasu daude "konpondu gabe Euskal Herrian", tartean zazpi desagerpen: Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Vega, 1973an Ipar Euskal Herrian desagertu ziren hiru gazte galiziar; Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur", 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertua; Tomas Hernandez, 1979ko maiatzaren 15etik bere informaziorik ez dago; Jose Miguel Etxeberria "Naparra", 1980ko ekainaren 11n bere arrastoa galdu zen; eta Jean Luis Larre, 1983ko abuztuaren 7an Landetan desagertua.
Hori dela eta, egun hori Euskal Herrian ofizialki ospatzea proposatu du, herritarrak "sentsibilizatzeko aukera" izan daitekeelako. Horren harira, Eusko Legebiltzarrak torturen biktimekin ekainaren 20an horixe egin berri duela gogorarazi du, eta ordezkari politikoei konpromisoa hartzeko deia egin die.
"Egiaren Batzordea" eratzeko "beharrezko adostasunak" lortzea ere galdegin du, "zailtasun bereziak dituzten kasuen (preskripzioa, informazio eza, ikertzeko baliabide gabezia, etab.) konponketa eta errekonozimendua" lortzeko.