Politika -
Espainiako Gobernua
Sanchez EAJrekin bilduko da datorren astean
Hala iragarri du PSOEk, baina EAJk esan du oraingoz inork ez diela deitu inbestidurari buruzko batzarra egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea, Pedro Sanchez, Euskal Herrira etorriko da datorren astean EAJrekin biltzeko, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak iragarri duenez.
Gainera, Abalosek esan duenez, Sanchezen eta Pablo Iglesias Podemoseko liderraren arteko bilera irailaren bigarren astean izango da, "nazio mailako alderdiekin" bilerak egingo dituztenean.
Asteazkenean, Sanchez Kantabria eta Euskal Herrira joango da, PRC eta EAJrekin berriz harremanei ekiteko. Aste honetan gizarte zibilarekin izandako bilerak bukatuko ditu, sozialistek alderdiei helarazi nahi dieten programa politikoa zabaltzeko.
Abalosek azaldu duenez, Gobernua prestatzen ari den 300 neurri programatikoak "PSOEren hirugarren proposamena" izango dira, eta alderdiaren Exekutibatik igaroko den hirugarren bertsioa, astelehenean.
Iglesiasi inbestidura "erantzukizunez" erraztea eskatu dio, eta ezkerreko hautesleek "ez dutelako muga alderdikideetan sartu nahi" eta gobernu alderdikoi bat osatzeko akordioa espero dutelako.
"Hemen gakoa PPk, Ciudadanosek eta Podemosek dute", esan du jarduneko Sustamen ministroak.
PSOEk hauteskundeetara joan nahi duen galdetuta, ezin dela "horretara jolastu" erantzun du, eta gehitu du ez dagoela inongo informaziorik sozialistei hobeto joan ahal zaiela esaten duenik. "Daukagun datu bakarra maiatzeko hauteskundeetakoa da", zehaztu du.
Arratsaldean, Pedro Sanchezek berak esan du gainerako talde parlamentarioekin bilerak datorren astean abiatuko dituela. Norekin batzartuko den ez du zehaztu, baina alderdiei "eskuzabaltasunez eta egoerak eskatzen duen mailarekin" jokatzeko deia egin dien, hauteskundeak errepikatzea saihesteko.
Estebanek dio inork ez diela deitu
Bestalde, Aitor Esteban EAJko bozeramaileak esan du oraindik inork ez diela deitu inbestidurari buruzko balizko bilera baterako, eta hedabideetan baino ez duela ikusi jeltzaleak datorren asteazkenean bilduko direla Sanchezekin.
Estebanek azaldu duenez, Luis Abalos PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko jarduneko Sustapen ministroak uztailaren 27an egin zion orain arte jaso duten dei bakarra, eta ordutik ez dute "ezer gehiago" jakin.
Orduan, sozialistek "deituko zutela esan zuten, baina inork ez du deitu", azaldu du Estebanek. Hala, eta gerora EAJri inork ez diola "ezer" esan azpimarratu du.
Jose Antonio Suso EAJren Arabako presidentearen ustez, Sanchez "luzamendutan dabil" inbestidura babestu lezaketen alderdiekin izan beharreko bilerekin, eta hauteskundeen arriskuaz ohartarazi du. Gainera, “seriotasuna” eskatu du.
Onda Vascari egindako elkarrizketa batean, Susok esan du ez duela PSOEren jarrera ulertzen, Carmen Calvoren adierazpenei erreferentzia eginez. Jarduneko presidenteordeak esan zuen Sanchezek ez duela beste buruzagiekin biltzeko beharrik, ez zuelako Erregearen enkargurik Gobernua osatzen saiatzeko.