Politika -
LAN-URTE BERRIA
Eskumenak transferitzeko Espainiako Gobernuarekin akordioa galdegin du Urkulluk
Lehendakariak lan-urte berriko lehen gobernu bileraren ostean nabarmendu duenez, aurrekontuak 'betorik gabe' negoziatuko dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "premiazkoa" da Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin akordio programatiko bat ixtea "legegintzaldi berri bati ekiteko eta gobernatzen hasiko den Gobernu bat martxan jartzea", baita eskualdatzeke dauden transferentziak Jaurlaritzaren esku uzteko, AHTaren lanak bukatzeko eta 'Share' migratzaileen harrera proposamena partekatzeko ere.
Adierazpenok Donostiako Miramar jauregian egin ditu lehendakariak, lan-urte berriko lehen gobernu bileraren ostetik. Espainiako Gobernuarekin ituna ez ezik, euskal ekonomiaren egoera "sendoa", eta batez ere, 2020ko aurrekontuen negoziazioa ere izan ditu hizpide Urkulluk.
Azken horren harira, "betorik gabeko" negoziazio bati ekingo diotela esan du; "talde parlamentario guztiek zabalik izango dute atea", erantsi du. Dena den, azpimarra jarri du "Legebiltzarreko kanpoko gaiek" ezin dutela negoziazioa baldintzatu, eta taldeen eskakizunak "errealistak" izan behar direla ekonomiaren ikuspegitik.
Espainiako Gobernua
Jaurlaritzak Estatuko gobernuarekin izan beharko lukeen hartu-emana ahotan, lan-urterako hiru helburu ezarri ditu lehendakariak. Lehena, "autogobernuan aurrera egitea, transferitzeko dauden eskumenak Jaurlaritzaren esku uzteko egutegi eta egitasmo bat zehaztuta". Lehendakariak gogorarazi duenez, "aurreko legegintzaldian egutegi bat adostu genuen, baina Espainiako Gobernuak ez du oraindik itundutakoa bete".
Bigarren helburu gisa inbertsioak aipatu ditu Urkulluk, "eta bereziki" Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanei dagozkienak sustatzea. Migratzaileei harrera egiteko 'Share' ekimena eta elkarbizitza arloan egindako proposamenak "partekatzea" izango litzateke hirugarren helburua.
Lehendakariaren iritzian, "lehentasun horiei erantzuteak lanean egongo den Espainiako Gobernu baten beharra eta urgentzia agerian uzten dute".
Urkullu, kazetarien aurrera agertu baino lehen. Argazkia: EFE
Izan ere, Urkulluk uste du "denbora gehiegi igaro" da apirilaren 28ko hauteskundeetatik, eta, hortaz, "premiazkoa da legegintzaldi berri bati ekiteko eta gobernatzen hasiko den Gobernu bat martxan jartzea".
2020ko aurrekontuak
Arlo ekonomikoan, eta nazioarteko "ezegonkortasun eta zailtasunak gorabehera", Jaurlaritzak eutsi egin dio aurtengo (% 2,3) zein 2020ko (% 2) hazkunde aurreikuspenei. "Hazkunde horri esker, ia 28.000 lanpostu sortuko dira bi urte hauetan", azaldu du Urkulluk.
Datorren urteko aurrekontuen negoziazioari buruz, lehendakariak argitu du "denekin hitz egiteko" prest dagoela Jaurlaritza. Aurreratu duenez, aurrekontuen proiektuak ekonomia produktiboa eta industria sustatuko ditu, "kalitate handiagoko enplegu aukerak sortuz". Horren ildoan, iragarri du 1.600 milioi euro inbertituko dituzte "Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programa"n eta 600 milioi gehiago abaletan eskainiko dituzte. Berrikuntzara bideratutako inbertsioak % 5 haziko dira, bestalde.
Era berean, gastu soziala lehenetsiko da, "Osasunaren, Hezkuntzaren eta Babes sozialaren oinarrizko zerbitzuei baliabide gehiago emanez". Zehaztu duenez, " 2013ko aurrekontuen % 62 bideratzen zen hiru arlo horietara, bada 2020ko proiektu horretan, % 70 gaindituko dugu".
Azkenik, indarkeria matxista desagerrazteko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, eta udan izandako "eraso guztiak" gaitzetsi ditu.
Batzarra Espainiako ezegonkortasun politikoaren baitan egin da, Pedro Sanchezen inbestidurak porrot egin ondoren. Irailaren 23a baino lehen presidenterik izendatu ezean, hauteskunde orokorrak errepikatuko dira azaroaren 10ean.
Lehendakariak Vatikanora egindako bidaia ofizialaren ostean egin da lehen gobernu bilera. Urkulluk, Share Proposamena aurkeztu zuen, egoera ahulean dauden errefuxiatuen eta migratzaileen errealitateari elkarlanean erantzuteko helburu duena. Aipaturiko bidaia baliatu du lehendakariak Frantzisko aita santua agurtzeko eta Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariarekin elkartzeko.