Politika -

G7-aren goi-bilera Biarritzen

Kontragailurraren proposamenak agintariei ematea galarazi diete ekintzaileei

G7EZ eta Alternatives G7 plataformek "kapitalismo basatiaren kontrako aldarria" egin dute, eta "mundu hobeago bat eraikitzeko ekimenak" jaso dituzte zazpi puntuz osaturiko txosten batean.

'Munduko agintarien hipokresia' salatu dute G7aren aurkako plataformek
'Munduko agintarien hipokresia' salatu dute G7aren aurkako plataformek
'Munduko agintarien hipokresia' salatu dute G7aren aurkako plataformek

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G7aren goi-bileraren aurka dauden hainbat ekintzaileri Biarritz erdigunera sartzea galarazi die astelehen honetan Frantziako Poliziak, hitzordu "ez-legitimo" horretan parte hartzen ari diren munduko zazpi herrialde boteretsuenetako agintariei “mundu hobeago bat eraikitzeko proposamenak" helarazi nahi zizkietenean.

Irunen eta Hendaian egindako G7aren “kontragailurrean” adostutako proposamenak aurkeztu dituzte gaur goizean G7EZ eta Alternatives G7 plataformetako ordezkariek, Biarritzeko Ozeanoaren Hirian egindako agerraldi batean. Ekitaldi horren ostean, ehun pertsona inguru Biarritzeko erdigunerantz joan dira, buruzagiei txosten horretan jasotako egitasmoen berri emateko asmoz.

Beste mundu bat sortzen’ lelopean, erdigunera joateko asmoa zuten ehun lagun inguruk bideari ekin diote, baina haiengana hurbildu diren polizia batzuk laster geldiarazi dituzte. Bidean, “G7 ez, alternatibak bai!” edota “antikapitalistak!” bezalako oihuak eta aldarriak entzun dira, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Halaber, atxilotuak lehenbailehen askatzeko eskatu dute bertan elkartu diren ehunka lagunek.

Eñaut Aramendi, Aurelie Trouve eta Itziar Fernandez G7EZ plataformako bozeramaileek azaldu dutenez, “beste eredu batzuk” biltzen dituen idatzia G7aren arduradunei emateko asmoa zuten. Segurtasun dispositibo berezi horretako arduradun batek zazpi puntuz osaturiko txostena hartu du. Jarraian, eserialdi baketsua egiteko proposamena luzatu die Aramendik bertan bildu diren manifestariei, protesta amaitu aurretik.

Bost minutuko eserialdia egin ostean, G7EZ eta Alternatives G7 plataformetako ordezkariek txosten horretan jaso dituzten proposamen nagusiak gogora ekarri dituzte, eta G7an bilduta daudenek “multinazionalen eta kapital handien interesak” babesten ari dituztela azpimarratu dute.

Testuinguru horretan, “pertsona guztiei dagozkien giza eskubideak” ez direla errespetatzen salatu dute, eta “biztanleriaren gehiengoa suntsitzen eta txirotzen ari den kapitalismo basatiaren kontra” agertu dira.

Halaber, “erroetatik feminista” izango den gizarte baten aldeko hautua egin dute; “erdigunean salgaiak jarri odez bizitza jarriko duena, gizakiak merkantzia gisa erabil ez daitezen”.

Proposamenak

Egoera horren aurrean, “kontragailurraren arrakasta” nabarmendu dute G7EZ plataformako ordezkariek. Adostutako neurrien artean, hondamendu ekologikoari aurre egiteko “neurri zorrotzak hartzea” premiazkoa dela ohartarazi dute antolatzaileek. Halaber, ”gehien kutsatzen duten industriei” zigorrak ezartzeko beharraz hitz egin dute, eta ingurumenerako kaltegarriak diren proiektuak eta jarduerak (errepideak, industria nuklearra edota industria aeroespaziala) alde batera uztea eskatu dute. Gainera, garraio publikoa garatzea eta ingurumenerako mesedegarriak diren lanbideak sustatzea proposatu dute, besteak beste.

Era berean, “klima, lana, nekazaritza, demokrazia eta subiranotasuna suntsitzen duten merkataritza askeko akordioak indargabetzea” eskatu dute, eta “munduko herrialde guztiak eta herrien aberastasuna kontuan hartzen dituen nazioarteko erregulazio demokratiko bat sinatzea; giza eskubideak, solidaritatea eta larrialdi ekologikoa oinarri hartuta”.

Halaber, "konpainia multinazionalak desarmatzea eta inpunitatearekin amaitzea" ere premiatu dute, "akziodunei ordaindu beharrean interes orokorra finantzatzeko", bere erantzukizunari buruzko “nazioarteko itun lotesle bat ezarriz”.

Era berean, "multinazionalen zerga-ordainketa bateratua" exijitu dute, beren benetako jardueren eta finantza ekintzen zerga eraginkor baten arabera. G7aren aurkako plataformen esanetan, neurri horiek guztiak "bihar bertan ezar litezke". "Borondate politikoa baino ez da falta", zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Biarritz argazkiak Eguneko albisteak Albisteak G7 goi-bilera