Politika -
Segurtasun dispositiboa
Oiartzunen ezarri dute G7aren goi-bilerari jarraipena egingo dion koordinazio mahaia
Biarritzen egingo duten bilerak bat egingo du udako itzulera operazioarekin. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, "segurtasun publikoa eta bide-segurtasuna bermatzea" da helburu nagusia.
eitb.eus
Abuztuaren 23tik 26ra bitartean Biarritzen egingo duten G7aren goi-bileraren harira, segurtasun dispositibo berezia prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Testuinguru horretan, herritarren segurtasunean izan daitezkeen eraginak koordinatzeko, horri buruzko informazioa emateko eta jarraipena egiteko koordinazio mahai bat jarri du martxan Oiartzungo ertzan-etxean (Gipuzkoa).
Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, “goi-bileran parte hartzen duten pertsona guztien edo goi-bilerarekin lotuta programatutako jardueren ondorioak jasango dituzten herritar guztien segurtasun publikoa eta bide-segurtasuna bermatzea da dispositibo berezi horren helburua”.
Goi-bileraren jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko zentro hori etengabeko harremanetan egongo da Hendaiako CCPArekin, Irungo ertzain-etxearekin eta Gipuzkoako gainerako ertzain-etxeekin, Irungo eta Hondarribiko udaltzaingoekin, eta Txurdinagako SOS-Deiak Koordinazio Zentroarekin eta Trafikoa Kontrolatzeko eta Kudeatzeko Zentroarekin.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur goizean bisitatu du Oiartzungo koordinazio mahaia; Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordearekin eta Josu Bujanda Ertzaintzako buruarekin batera.
Oiartzungo koordinazio mahaia Segurtasun Saileko arduradunek, Ertzaintzaren buruak, Gipuzkoako lurralde-buruzagitzak eta ekitaldian esku hartuko duten Ertzaintzako unitateen arduradunek osatuko dute. Ertzaintzarekin batera, Guardia Zibileko, Espainiako Poliziako, Foruzaingoko eta Irungo Udaltzaingoko kideak izango dira. Halaber, Frantziako segurtasun indarreko ordezkariak ere mahai horretan bilduko dira, eta elkarlanean ariko dira trafiko eta larrialdi zerbitzuekin.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroa Ekintzak Koordinatzeko Zentroan (CECOR, gaztelaniazko sigletan) izango da bihar, Donostian, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzaren egoitzan, hain zuzen ere.
Aldaketak zirkulazioan
Segurtasun Sailak ohar bidez azpimarratu duenez, Biarritzen egingo den G7aren gailurrak bat egingo du udako itzulera operazioarekin. Arrazoi horregatik, Biriatuko ordainlekutik eguneko 30.000 ibilgailu inguru igarotzea aurreikusten da.
Hartutako neurrien artean hauek daude: zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan informazio seinaleak areagotu dira, 90.000 informazio liburuxka prestatu dira, lau hizkuntzatan; eta modu koordinatuan lan egiten ari dira trafiko arina bermatzeko eta egoera horren eraginpean egon daitezkeen pertsonen segurtasuna bermatzeko.
Aldi berean, Trafiko Zuzendaritzak kanal bat ireki du garraio sektorearekin, ibilgailu astunen trafikorako murrizketen berri emateko. Horrez gain, erabiltzaileei zuzendutako telefono bidezko arreta zerbitzua (011) indartu du.
"Frantziako agintariek segurtasun kontrolak areagotuko dituzte eta, itzulera operazioaren ohiko murrizketez gain, murrizketa gehigarriak aplikatuko dizkiote garraio astunari", jakinarazi du Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.
4.000 ertzain baino gehiago lanean
Segurtasun sailburuak gogora ekarri duenez, G7aren goi-bilerarako 4.000 ertzain inguru izango direla lanean, plantillaren erdia baino gehiago, alegia. Ertzaintzaren unitate guztietako agenteek lan egingo dute. Ekitaldia mugatik oso gertu egingo denez, "logikoki Euskadin eragina izango du".