Politika -
G7 goi-bilera
Frantziak 13.200 polizia mobilizatuko ditu G7aren goi-bilera dela eta
Frantziako Barne ministroak azaldu duenez, indar militarren esku geratuko da aire zein itsas eremuak zaintzea eta terrorismoaren aurkako jarduerak aurrera eramatea.
AGENTZIAK
Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak azaldu duenez, Biarritzen izango den G7ko goi-bileran segurtasuna bermatzeko 13.200 polizia eta jendarme mobilizatuko dira. Horrez gain, bilerari begira erakutsitako babesa eskertu nahi izan die Espainiako agintariei.
Telebistaz emititu den prentsaurreko batean Castanerrek zehaztu du indar militarren esku geratuko dela aire zein itsas eremuak zaintzea eta terrorismoaren aurkako jarduerak aurrera eramatea.
Mehatxu terrorista hirukoitz bati, istilu publikoei eta eraso zibernetikoei aurre egite aldera 450 suhiltzaile baino gehiago deitu dira, eta baita larrialdi eta erreanimaziorako 13 talde mugikor ere.
Barne ministerioaren buruak azpimarratu du Euskal Herrian eta espainiar lurraldeetan antolatu diren manifestazioetan ordena publikoa bermatzeko lanetan Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza arituko direla. Horrez gain, polizia-agenteek mugan kontrolak areagotuko dituztea.
Castanerrek adierazi duenez, “operazio hau garrantzitsua da gerta litezkeen indarkeriazko elkarretaratzeen antolaketa aurreikusteko”. Aldi berean “Espainiaren papera goi-bilera horren segurtasuna bermatzean ezinbestekoa dela” azpimarratu nahi izan du.
Egun Frantzian mehatxu terrorista nahiko “altua” bada ere, goi-bilerara begira ez dela alerta berezirik piztu argitu nahi izan du barne ministerioko buruak.
Aldi berean inolako indarkeria gertaerarik “ez dela onartuko” eta segurtasun dispositiboa horrelako egoerak azkar konpontzeko eta berehalako atxiloketak egiteko prestatuta daudela gogorarazi nahi izan du.
Frantziako Gobernuaren helburua ordena publikoa eta bertaratzen diren ordezkarien zein bertako hiritarren segurtasuna bermatzea dela gehitu du. Mobilizazioek ahalik eta eragozpenik txikienak sortzea espero du.
G7aren goi-bilera abuztuaren 24 eta 26a bitartean ospatuko de Biarritzen., Emmanuel Macron, Frantziako Presidenteak, bertan hartuko ditu Alemaniako Gobernuko, Erresuma Batuko, Italiako, Estatu Batuetako, Kanadako eta Japongo ordezkari politikoak.
Larunbatean ospatuko den afarian Pedro Sánchez, jarduneko gobernuko Presidentea, ere izango da.