Politika -

Presoak

Sortu: 'Oraindik ere ongietorriak egin behar izatea da bizikidetzaren aurka doana'

Halaber, alderdiak "zentzugabetzat" jo ditu Jesus Lozak egin dituen adierazpenak. Izan ere, "epe ertainera terrorismoa berpiztu litekeela" esan zuen Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Jose Javier Zabaletari Hernanin egindako harrera. Argazkia: EFE
Jose Javier Zabaletari Hernanin egindako harrera.
Jose Javier Zabaletari Hernanin egindako harrera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aske geratu diren presoei antolatu dizkieten harrerek piztu duten polemikaren harira, Sortuk ohar bat kaleratu du astearte honetan. Alderdi horren iritziz, "oraindik ere presoen argazkiak erakustea edo ongietorriak egin behar izatea da bizikidetza urratzen duena”. Testuinguru horretan, “gatazkaren ondorioak” oraindik ez direla “konpondu” nabarmendu du Sortuk, “borroka armatua orain dela 8 urte bukatu bazen ere”.

Aurreko asteburuan, Txori Barrote konpartsaren txosnan zeuden presoen argazkiak kentzea agindu zuen Auzitegi Nazionalak. Halaber, preso ohiei egin dizkieten “ongietorriek” polemika piztu dute azken asteotan. Horren aurrean, alderdi honek ohar bat zabaltzea erabaki du.

Sorturen ustez, “presoen argazkiak edo haien zigorrak azken egunera arte bete dituzten preso ohien ongietorriak ez doaz bizikidetzaren aurka”.

Alderdi horren iritziz, "oraindik ere presoen argazkiak erakustea edo ongietorriak egin behar izatea da elkarbizitzaren aurka doana, borroka armatua orain dela 8 urte bukatu bazen ere”. Testuinguru horretan, “gatazkaren ondorioak” oraindik ez direla “konpondu” nabarmendu du Sortuk.

Gauzak horrela, presoen “egoera konpondu nahi izan ez dutenek” orain ezin dutela gomendio etikorik eman gaineratu du.

Halaber, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak preso ohien harreren inguruan egin dituen adierazpenak “zentzugabeak eta kezkatzeko modukoak” direla esan du alderdiak. Lozaren iritziz, "oraindik bere horretan jarraitzen duen gorrotoaren erakusle" dira preso ohiei egiten dizkieten harrera horiek, eta, jarrera horrek, bere ustez, "terrorismoaren berpiztea ekar dezake etorkizunean".

PSOEk “espetxe politikan norabidea aldatu eta atzera egiteko asmoa” duela iradokitzeko nahia ikusi du Sortuk Jesus Lozaren adierazpenetan, eta presoen argazkien eta ongietorrien auziarekin Espainiaren "errepresio estrategia berpiztu" dela esan du.

Lozak dio bere adierazpenak “oharpen bat” izan zirela

Bestalde, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak astearte honetan argitu nahi izan duenez, epe ertainera terrorismoa berpizteko arriskuaz “ohartarazi” nahi izan zuen adierazpen horiek egin zituenean. Hala, preso ohiei egindako harrerekin gertatzen ari dena ikusita, “ongietorriak saihesteko zigor administratiboak” ezarri behar direla nabarmendu du.

Bere iritziz, uztaileko azken astean ezker abertzalearen “jarrera aldaketa agerikoa izan da" Hernanin edota Oñatin egindako harrera ekitaldiekin. Hala, “ongietorrien ordez harrerak egitea” eskatu die, eta gertatutakoaren inguruan “autokritika” egitea proposatu die bizikidetzaren alde urratsak emateko.

Gertatutakoa berriro ez errepikatzea nahi dugu. Gisa horretako ekitaldiek ez dute bide hori jorratzen, kontrakoa baizik”, esan du Lozak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Sortu EAE albisteak Delituak Espainiako Gobernua albisteak Espainia Presoak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Terrorismoaren Biktimak