Politika -
Ongietorriak
Foro Soziala: ‘Presoen senideei mina areagotu izana deitoratzen dugu’
Foro Sozial Iraunkorrak “barkamen zintzoa” eskatu die presoen senide eta lagunei, uztailaren 31n kaleratu zuten proposamenaren “irakurketa partzialak sortu dien minarengandik”.
Agentziak | Erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorrak “barkamen zintzoa” eskatu die larunbat honetan presoen senide eta lagunei, uztailaren 31n kaleratu zuten presoen ongietorriei buruzko bost puntuko proposamenaren “irakurketa partzialak sortu dien minarengandik”. Teresa Toda eta Agus Hernan Foro Sozialeko kideek bideo batean nabarmendu dutenez, azken egunetako egoerak “bazterketa sentsazioa areagotu du”.
Hernanek, uztailaren 31n kaleratutako bost puntuko proposamena ekarri du gogora. Lehen puntuak ongietorriek “ETAren biktimen mina errespetatu” behar dutela jasotzen du. Bigarrenak, presoen senideek sakabanaketagatik eta bestelako espetxe politikagatik “urte luzez pairatu duten sufrimendua kontuan hartzeko une egokia” izan litekeela iradokitzen du.
Hirugarren puntuan, aske geratutako presoek bizikidetzari egindako “ekarpena” aintzat hartzea proposatu du Foro Sozialak. Laugarren puntuak, ongietorrien auzia auzitegietara bideratzea baztertzen du, eta bosgarrenak ongietorriak toki itxi batean egitea aholkatzen du.
Foro Sozialak nabarmendu duenez, azken puntu hori izan da euskal gizartearen gehiengoari bere osotasunean iritsi zaion puntu bakarra.
Arrazoi horregatik, bost puntuko proposamen horren helburua "bizikidetzarako bide bat adostea" zela azaldu du Hernanek. Bere iritziz, “zentzuzkoak eta eraikitzaileak” dira bertan jasotako aholkuak, izan ere, “euskal gizartearen gehiengoaren sentitzea irudikatzen dute”.
"Eztabaida honetan eragile guztiek ETAren biktimak babestu dituztela uste dugu, hori ondo dago eta guztiz beharrezkoa da, baina presoen senideak eta lagunak izan dira baztertuta eta ahaztuta geratu direnak", gaineratu du Hernanek.
Hala, Hernanek adierazi du presoen auziari "behin betiko konponbidea" emateko ezinbestekoa dela "ahalik eta akordiorik zabalena lortzea".
"Akordio hori erakunde publikoen, presoen eta euskal gizartearen artean adostu beharko litzateke, baina hasierako urratsak Espainiako Gobernuak eman beharko lituzke. Estatuak bertan behera utzi behar du euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia, eta urratsak eman behar ditu arlo honetan normalizazio bat lortzeko. Presoei dagokienez, eragindako mina aitortu eta ohiko legediaren bidea onartu behar dute”, esan du Foro Sozialeko bozeramaileak.
Hernanek adierazi duenez, presoen auziari konponbidea emateko ahalegin horretan "urrats garrantzitsuak" eman dira azkenaldian, baina uztaileko ongietorriek "arriskuan” jar zezaketen afera horretan eman diren aurrerapausoak.
Podemos-Ahal Dugu, ongietorrien kontra
Bestalde, Lander Martinez Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusiak adierazi duenez, presoei egindako harrera publikoak "bidegabeak" dira, biktimei mina areagotzen dietelako. Ildo horretatik, ezker abertzaleari "urrats ausarta" eman eta ongietorriak baztertzeko eskatu dio.
Martinezen ustez, harrera ekitaldi horiek egiteak ez du "bizikidetza eraikitzen” laguntzen, eta indarkeriak bidegabe eragindako minean atzerapausoak ematen ditu”. "Halaber, ez da bidezkoa aurrekari izugarriak dituzten terroristei ekitaldi horiek antolatzea eta babestea ezker abertzaleko hainbat sektoretatik”, gaineratu du Martinezek.
Lander Martinezek esan du bat datorrela Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin, ezker abertzaleak omenaldiak publikoki ez egiteko deia egin baitu. Haren ustez, ezker abertzaleak "aurrerapauso ausartak eman behar ditu, omenaldi publiko horiek ez egiteko argi eta garbi esanez". "Harrera publiko horiek, esparru pribatu batean egitea izan liteke aukera bat", esan du Martinezek.