Politika -
Nafarroa
Chivite iraindu dute Casanovari egindako omenaldian, Berriozarren
Maria Chiviteren aurreneko ekitaldi publikoa izan da presidente gisa, baina tentsioarekin bukatu da.
eitb.eus
Francisco Casanova tenienteordeari omenaldia egin diote Berriozarren (Nafarroa). Aitzoaingo kuartelean lan egiten zuen militarra duela 19 urte hil zuen ETAk.
Maria Chiviteren aurreneko ekitaldi publikoa izan da Nafarroako Gobernuko presidente gisa, baina tentsioarekin bukatu da; izan ere, irainak entzun behar izan ditu, eta ekitalditik haserre joan da.
Ekitaldia Vecinos de Paz kolektiboak antolatu du, eta Rosalia Saiz-Aja alarguna eta tenienteordearen bi seme-alabak bertan izan dira. ETAk Casanova tirokatu zuen bere etxearen atean, kuartelean lanaldia bukatu ondoren.
San Estebaneko parrokian meza eman dute Casanovaren omenez. Senideek, agintariek, ordezkari politikoek eta herritarrek parte hartu dute omenaldian. Ondoren Puerta de la Libertad oroitarriaren aurrean ekitaldi nagusia egin dute. Bertan lore eskaintza egin dute.
Casanovaren auzoko askok parte hartu dute omenaldian. Tenienteordea jota zale amorratua zen, eta lore eskaintza bukatzean errezital bat eman dute.
Maribel Vals Vecinos de Paz kolektiboko bozeramaileak hitza hartu du ondoren. "Garai zailak bizi ditugu, guztien askatasunarengatik, Espainiagatik, bizitza galdu zutenak ahazteko saiakera lotsagarri baten aurrean", salatu du.
"Alderdi konstituzionalistek hauteskundeak irabazi behar zituztela uste genuen, eta horrela izan da", baina "PSNk azken egunetan izan duen jarrera" ez zuten espero, ziurtatu duenez.
"Ezusteko izugarria izan da, aurka agertu beharrean, proetarren atzaparretan bota da, bidegabekeri izugarria eta ETAk hildako ia mila pertsonak umiliatuz", esan du Valsek, Maria Chivite sozialistaren inbestidurari erreferentzia eginez.
Besteak beste, Javier Remirez presidenteordea, Ana Ollo Erakunde Harremanetarako kontseilaria eta Javier Esparza UPNko presidentea ekitaldian izan dira.