Politika -
Inbestidura
Abuztuaren amaieran hitz egingo du berriz Sanchezek Unidas Podemos eta abertzaleekin
Zenbait gizarte kolektiborekin izandako bilera sortaren ostean, PSOEko hautagaiak "proposamen zabal bat" eskainiko dio Unidas Podemosi, EAJri, Kataluniako abertzaleei eta PRCri.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak informatu duenez, abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran bilduko da berriz indar politikoekin –alderdi abertzaleekin eta Unidas Podemosekin–, inbestidurarako babesak bilatzeko.
"EAJrekin, Kantabriako Alderdi Erregionalistarekin (PRC), Kataluniako indar nazionalistekin eta, logikoki, Unidas Podemosekin hitz egingo dugu", zehaztu du, kultura arloko erakundeekin bildu ostean egindako adierazpenetan.
Beste behin, Ciudadanos bilera sortatik kanpo geratuko da, Albert Riverak esan duelako ez duela nahi Sanchezekin bildu, presidenteak berak gogorarazi duenez.
Bilera horietan, Sanchezek programa baterako "proposamen irekia bat" aurkeztuko die bere inbestidura "babes lezaketen" alderdi guztiei. Gobernu aurrerakoi bat osatzea ahalbidetuko lukeen akordio bat lortzeko alderdi horien artean Unidos Podemos aipatu du.
Bilera horietara, "batez ere eta bereziki Unidas Podemosekin" egingo dituen bileretara, ez da programa itxi batekin joango, baizik eta "negoziatu daitekeen" proposamen zabal batekin, baina beti edukiak eta politikak oinarri izango dituena.
Bilera hori zehazteko Pablo Iglesiasekin hitz egin duen galdetuta, errepikatu du harremanak alderdi politiko desberdinekin izango direla, "baita Unidas Podemosekin ere; beste modu batez ezin zitekeen izan".
PPko Pablo Casadorekin biltzea ere aurreikusten du Sanchezek, Gobernu baten osaketa errazteko "beharra" eta PSOE ez den "beste aukerarik ez dagoela" helarazteko.
Gainera, Riverak "demokrazia ulertzeko duen modua" kritikatu du Sanchezek, herritarren "ordezkari legitimo batekin" biltzeari uko egiten diolako, eta oposizioko liderrei ohartarazi die herritarrek bere jarrera "gogoan hartuko" dutela.
Gizarte kolektiboekin izandako bilera sortaren balantzea egin du Sanchezek. 14 bileratan 180 kolektibotako 220 pertsonarekin bildu da, eta azaldu duenez, hurrengo asteetan sozialistek jasotako proposamenak "laburbilduko eta sistematizatuko" dituzte, beste alderdiei "guztien programa aurrerakoi" bat proposatzeko.