Politika -
Espainiako Gobernua
Podemosen babesa lortzen saiatuko da Sanchez, baina koalizio gobernua proposatu gabe
Portugalen bezala, gobernua kanpotik babestea proposatu nahi dio Sanchezek alderdi moreari. Podemosek esan du buruzagi sozialistak "boterea osorik bereganatu" nahi duela, "negoziatu gabe".
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea elkarte eta gizarte eragileetako ordezkariekin biltzen hasiko da ostegun honetan, gero Unidas Podemosi aurkeztuko dion “proposamen ireki bat” egiteko. Gobernu programa horren bitartez, gobernua kanpotik babestea proposatu nahi dio Sanchezek Pablo Iglesias buru duen koalizioari.
Hautagai sozialistaren inbestidura saioak porrot egin eta sei egunera, Unidas Podemosi proposamen berri bat egiteko prest agertu da gaur buruzagi sozialista. PSOEren militantziari idatzitako eskutitz batean, Sanchezek gobernua osatzeko konpromisoa duela jakinarazi die, eta hauteskundeak errepikatzea galaraztea bere "lehentasun nagusia" dela ziurtatu du.
“Ez dugu amore emango. Datozen asteetan bide horretatik jarraituko dut, akordioa lortzeko konbentzimendua eta erantzukizuna baitaukat”, azpimarratu du buruzagi sozialistak. Testuinguru horretan, Portugal edota Danimarkaren moduko gobernuak jarri ditu eredu bezala. Herrialde horietan, alderdi sozialdemokratak bakarrik daude gobernuan, baina alderdi aurrerakoiek gobernua kanpotik babesten dutenez, egonkortasuna ematen diete eta gobernu programa betetzea bermatzen dute.
Sindikatuekin eta gizarte eragileetako ordezkariekin izango dituen elkarrizketak alde batera utzita, datozen egunetan alderdi nagusietako buruzagiei deitu eta haiekin harremanetan jartzea da Sanchezen asmoa, irailean inbestidura saio berri bat egitekotan presidente izendatzeko aukerarik izango duen jakiteko.
Sanchezen iritziz, Unidos Podemosek aitzaki desberdinekin baztertu zituen proposamen guztiak aurreko inbestidura saioan, "kontuan hartu gabe" sozialistak "aurrekaririk gabeko eskaintza" egiten ari zirela.
"Hala ere, Gobernu aurrerakoia aurrera atera daiteke", azpimarratu du Pedro Sanchezek, eta hauteskundeak errepikatzea saihestuko lukeen akordioa lortzea posible dela ziurtatu du.
Pedro Sanchezek militantziari idatzi dion gutuna. Argazkia: EFE
Sanchezi erantzun dio Podemosek
Bestalde, Pablo Echenique Podemoseko Gobernu Ekintza idazkariak azpimarratu duenez, "negoziatu gabe boterearen % 100 bereganatzea" proposatzen du Sanchezek bere gutunean.
Twitter bidez zabaldu duen mezu batean, Echeniquek adierazi du Sanchezek gutunean “Portugal moduko gobernu programa” aipatzen duenean, buruzagi sozialistak “boterea osorik” bereganatu nahi duela, Unidas Podemosekin “ezer negoziatu gabe, PSOE gehiengo osotik urrun badago ere".
"Titularrak hobeto ulertzeko: Gobernu portugaldarrak boterea osorik bereganatzen duen gobernua esan nahi du, negoziatu gabe, halabeharrez, nahiz eta gehiengo osotik urrun egon, eta eskuineko alderdiekin nahi dutenean akordioak lortzeko abantailarekin", esan du Echeniquek sare sozial horretan. Gauzak horrela, alderdi moreak uko egin dio sozialisten proposamen berri hori aztertzeari.