Politika -

Klima Aldaketa

Eusko Jaurlaritzak klima aldaketari aurre egiteko larrialdi egoera ezarri du EAEn

Horrenbestez, "premiazko eta asmo handiko ekimenak" iragarri ditu lehendakariak.

Poluzioa Serantes menditik ikusita. Argazkia: Luis Cazallas Ruiz
Poluzioa Serantes menditik ikusita
Berotze globalaren kontrako borroka Jaurlaritzaren ekimen guztien ardatz izango da

1:44

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakriak "klima aldaketari aurre egiteko larrialdi egoera" ezarri du EAEn, "2050a baino lehen" karbonoari aurre egiteko. Horrenbestez, "premiazko eta asmo handiko ekimenak" iragarri ditu lehendakariak.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak klima aldaketaren gaia "Herriaren helburu zentral gisa" ezartzea planteatu du. Horretarako, EAEko Administrazio Nagusiak eta harekin harremanetan dauden erakundeek urteko aurrekontuaren zati bat klima aldaketan inpaktua duten jardunetara zuzenduko dute, inpaktuak arindu eta egokitzapenak egiteko.

Lehendakariak Gobernu Kontseiluan onartutako Klima Aldaketari buruzko Adierazpen Instituzionala irakurri du astearte honetan. Adierazpen horretan nabarmendu du klima aldaketaren aurkako borroka mundu mailako erronka dela, eta guztion ardura dela, batez ere herritarren eskariak eta premiak hobeto ezagutzen dituzten tokiko erakundeena.

Hartara, lehendakariak nabarmendu du Jaurlaritzak bat egin duela adierazpen horrekin, eta, aldi berean, berretsi duela Klima 2050 klima-aldaketako estrategiarekin eta Energia Estrategia 2030 estrategiarekin hartutako konpromisoa.

"Berotze globala errealitate ukaezina da, eta frogatuta dago berotze horren kudeaketa zuzena onuragarria dela ingurumenerako zein pertsonen osasunerako. Era berean, aukerak eskaintzen ditu ekonomia-hazkunde jasangarriago baterako, jarduera-sektore berriak garatzeko eta kalitate handiagoko enplegu-aukerak sortzeko", esan du lehendakariak.

Bestalde, Urkulluk gogorarazi duenez, EAE nazioartean erreferentziazko eredua izan da klima aldaketarekiko konpromisoan. "Europar Batasunak aitortu du klima-ekintzan eskualde-liderretako bat garela, ingurumenarekiko errespetura egokitzen den hazkunde ekonomiko jasangarriko eredu bati jarraituz", adierazi du.

Ildo horretan, Urkulluk nabarmendu du 1995. urteaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren hazkundea % 65ekoa izan dela, eta aldi horretan berotegi-efektuko gasen emisioa % 20 murriztu dela. "Emisioak murrizteko prozesu horretan aurrera egiten jarraitu behar dugu, baina aitortu behar da hazkunde-eredu jasangarriagoa garatzeko egindako ahalegina", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa Kutsadura