Politika -
Presoak
Jose Jabier Zabaletari egindako harrera salatu du AVTk, terrorismoa goratzea egotzita
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak nabarmendu duenez, “terrorismoaren biktimen duintasuna defendatzea da" elkartearen oinarri nagusietako bat.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT, gaztelaniazko sigletan) larunbat honetan Hernanin Jose Jabier Zabaleta Elosegi ‘Baldo’ presoari egindako harrera ekitaldia salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita. Zuerako kartzelatik (Zaragoza) larunbat goizean atera zen hernaniarra, 29 urte preso egon ondoren.
Biktimen elkarte horrek gogora ekarri duenez, ETAko buruzagi historikoari harrera egin zioten atzo bere jaioterrian, Hernanin. "Talde terrorista horretako presoak kartzelatik ateratzen direnean, ohikoa izaten da senideek antolatutako harreretan ETAko kideei eta haien 'borrokari' gorazarre egitea”, salatu du AVTk.
Horrez gain, Jose Jabier Zabaletari leporatutako delituen artean, 1980an Zarauzko taberna batean ETAk egindako atentatua dagoela ziurtatu du biktimen elkarteak. Bertan, lau guardia zibil eta tokian zegoen udalerriko bizilagun bat hil ziren, eta, ondorioz, 100 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten hernaniarrari.
AVTk nabarmendu duenez, “terrorismoaren biktimen duintasuna defendatzea da" elkartearen oinarri nagusietako bat. Gauzak horrela, igande honetan bertan, Hernanin egindako harrera ekitaldiaren kontrako salaketa aurkeztu dute Auzitegi Nazionalean, ekitaldiaren arduradunak identifikatzeko asmoz.
"Omenaldia onartezina" dela esan dute PPk eta Ciudadanosek
Bestalde, Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiak uste du "onartezinak eta iraingarriak" direla ETAko presoei egindako omenaldiak. Gainera, ekitaldi horien aurrean "erakundeen isiltasuna" nagusi dela kritikatu du. Arrazoi horregatik, euskal popularrek "omenaldi horiek instituzioetan zein kalean” salatzen jarraituko dituztela azpimarratu du Fernandezek.
Halaber, ETAko presoei egiten zaizkien omenaldien aurrean “beste aldera begiratzea” leporatu dio Luis Gordillo Ciudadanosek EAEn duen buruzagiak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari.
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Hernanin egindako “omenaldia onartezina" dela esan du. Twitter bidez zabaldu duen mezu batean, Riverak esan du "bost errugaberen hiltzailea heroi bat balitz bezala jasotzea biktimak eta gure demokrazia umiliatzea dakar".
Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak ere herritar talde batek Hernanin egindako “omenaldi jendetsua” salatu du, “hiltzailearen goratzea” delakoan.