Politika -
Irregulartasunak
Marotoren errolda ikertzeko eskatu dio SOS Arrazakeriak Segoviako Fiskaltzari
Gaztela eta Leondik senatari aukeratu berri duten Gasteizko alkate ohiari "aukerazko eta egokitasunezko erroldatze bat, irregularra, legez kontrakoa eta iruzurrezkoa", egitea leporatzen dio.
Agentziak | Erredakzioa
SOS Arrazakeria Arabak Segoviako Lurralde Auzitegiaren Fiskaltzari eskatu dio Javier Maroto gasteiztarrak probintziako herri batean erroldatzeak "legearen gutxieneko betebeharrak betetzen dituen" ikertzeko eginbideak abiatu ditzan.
Gainera, erakunde horrek Sotosalboseko Udalari eskatu dio —bertan erroldatu da Maroto, Gaztela eta Leondik senatari aukeratu ahal izateko— erroldatze hori bertan behera uzteko, legea urratzen duelakoan.
Fede Garcia SOS Arrazakeria Arabako bozeramaileak azaldu duenez, astelehenean salaketa bana jarri zuten bi erakunde horien aurrean. Defendatu duenez, erakunde horrek "zuhurra izateko eta etsenpluaren bidez predikatzeko" eskatu nahi dio Marotori.
Hitz horiekin, Garciak gogorarazi du Marotok, Gasteizko alkatea zenean, herritar magrebtarrak gizarte laguntzez bizi zirela eta lan egin nahi ez zutela esan zuela, eta EAEko diru-laguntzak arautzen duen legea aldatzeko mugimendua zuzendu zuen, horiek jasotzeko erroldatuta egon behar diren urteak bost urte izateko.
Horregatik, Sos Arrazakeria Arabak PPko Antolakuntza idazkariordeari leporatu dio " aukerazko eta egokitasunezko erroldatze bat, irregularra, legez kontrakoa eta iruzurrezkoa", egitea, Gasteizko "alkatea zenean horren kontra gogorki eta amorruz borrokatu zuen" arren.
Zentzu horretan, Maroto "Gaztelako estepetara" joan da "laguntza-oportunismoaren trenaren azken bagoia hartzera, aldi baterako gezurrezko senataria" izateko helburuarekin.