Politika -
Inbestidura
Urkullu: 'Tamalgarria da inbestiduran erakutsitako Estatu zentzu falta'
Irailaren 23rako akordio bat egotea espero du. Lehendakariarentzat 'oso kezkagarria' da 2015etik Espainiako Estatuko egonkortasuna 'zalantzan' egotea.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren aburuz, atzo Diputatuen Kongresuan gertatutakoa, alegia, Pedro Sanchezen inbestidurak huts egin izana, "erabat tamalgarria" izan zen, eta dei egin die "erantzukizuna duten alderdiei iraila baino lehen akordio bat lortzeko".
Urdulizeko Ospitalean izan da goizean lehendakaria eta bertan egin ditu adierazpenak. Azaldu duenez, zuzenean jarraitu zuen saioa, eta bertan ikusitakoak "tamalgarritzat" jo ditu.
Urkullurentzat "oso kezkagarria da" 2015etik Espainiako Estatuko egonkortasuna "zalantzan" egotea alderdien "Estatu zentzu faltagatik". Egoera horrek, haren iritzian, Jaurlaritzari ere eragiten dio, "Autonomia Estatutua osorik betetzea geldituta" dagoelako.
Lehendakariak azpimarratu duenez, Kongresuan gertatutakoak "bakoitzaren kontzientzia garbitzeko ariketa eman zuen, norberak bere kontakizuna egitekoa; ez da herritarrek eskatzen duten ariketa politikoa".
Halere, zehaztu duenaren arabera, ostegunean "argi geratu zen, negoziatzeko borondatea izan bazen, horretarako eman duten denbora gorabehera, ez dirudi akordiorako borondatea izan dutenik". "Eta, atzo, jendaurrean modu horretan erakutsi behar izana, egin zen moduan, benetan tamalgarria eta negargarria da, hiritarren ordezkariak garenok modu diskretuan eta akordiorako borondatearekin egin beharko genukeelako", gaineratu du.
"Espero dut, eta hala nahi dut, epea agortzeko geratzen den denboran, irailaren 23ra arte, elkarrizketarako bideak topatzeko ardura gehien dutenek egin beharrekoa egitea, baina akordiorako borondatearekin eta Estatua kontuan hartuta, gobernua izan dadin. Eta norberak dituen zereginak bete ditzala udan".