Politika -
Iñaki Arriola
‘Ez da desadostasunik egon programaren inguruan, ministerioekin baizik’
"Hasierako egoerara bueltatzen gara, eta ikusteko dago erregeak Sanchezi ematen dion berriro gobernua osatzeko ardura", esan du Iñaki Arriolak. Sanchezen porrota Pablo Iglesiasi leporatu dio.
Radio Euskadi | Erredakzioa
"Porrot egin du gobernua osatzeko ahaleginak", esan du ostiral honetan Iñaki Arriola PSE-EEko kideak Radio Euskadin. Ildo horretatik, PSOE proposamen gehien egin duena izan dela nabarmendu du, “bakarkako gobernutik hasita, koalizio gobernua osatzeko aukera eman arte”. PSOEren eta Unidas Podemosen arteko negoziazioak apirilaren 28an hasi zituztela jakinarazi du Arriolak. Ez dela inor gailenduko, eta herritarrek iritzia eman beharko dutela gaineratu du. Sanchezen porrota Pablo Iglesiasi leporatu dio: "Lur hartzea falta izan zaio". Arriolaren ustez, "ministroa izatea baino garrantzitsuagoa da garatu beharreko politikak proposatzea".
Horren esanetan, ez da desadostasunik egon programaren inguruan, "ministerioak eskuratzeko tirabirak baino ez". "Hasierako egoerara bueltatzen gara, eta ikusteko dago erregeak Sanchezi ematen dion berriro gobernua osatzeko ardura", nabarmendu du Arriolak. Hala, inbestidura lortzen saiatzeko ahaleginean, Alderdi Popularrarekin eta Ciudadanosekin hitz egiteko prest agertu da: "Hitz egitea ez da kaltegarria".
"Euskadin inoiz ez da gehiengo osorik egon, eta akordioak bilatzeko beharra egon da", esan du Arriolak. "Espainian gertatzen dena da Kongresuan ordezkatuta dauden alderdiek ez dutela egonkortasuna ekarri". Espainian ezegonkortasuna da nagusi, baina "ez dago Euskadin hauteskundeak aurreratzeko arrazoirik", Arriola sailburuaren iritzian.
Bestalde, alokairuaren prezioaren igoerari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurriak zehaztu ditu Etxebizitza sailburuak Radio Euskadin. "Alokairuen batez besteko prezioa jartzeko proposamen fiskal bat" bultzatuko dutela esan du, "alokairu merkeak jartzen dituztenak saritzeko eta garestiak jartzen dituztenak zigortzeko". Kasu batzuetan, gainera, hobariak ezabatzeko aukera ere emango dutela gaineratu du. Dena dela, Arriolak aitortu du Gaztelagun programak ez duela lortu urtebetean gazteen alokairurako 2.500 laguntza ematea. Horren aurrean, gaur egun dauden eskakizunetan aldaketak iragarri ditu.
___________________________________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.