Politika -

Bakea eta bizikidetza

Foro Sozialak uste du legealdi berria Nafarroan bizikidetzarena izan behar dela

Foro Sozialak begi onez hartu du PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak egin duten itun programatikoa, baina bizikidetza lortzeko bidean Altsasuko auzia oztopoa dela ohartarazi du.

Foro Sozialeko ordezkariak eta Altsasuko gazte zigortuen gurasoak. Argazkia: Foro Soziala
Foro Sozialeko ordezkariak eta Altsasuko gazte zigortuen gurasoak.
Foro Sozialeko ordezkariak eta Altsasuko gazte zigortuen gurasoak. Argazkia: Foro Soziala

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foro Sozialak uste du legealdi berria Nafarroan bizikidetzarena izan beharko litzatekeela, eta laster osa daitekeen Foru Gobernua helburu hori lortzeko ona izan daitekeela iritzi dio. Alabaina, bizikidetza ezartzeko bidean Altsasuko auzia oztopoa dela ohartarazi du.

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, Altsasuko Gurasoak elkarteko kideak ondoan zituztela. Altsasuko zortzi gazteei bi eta hamairu urte arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkiete, 2016ko urrian bi guardia zibilekin taberna batean izandako liskarraren harira. Auzitegi Gorenak irailaren 18an aztertuko du Auzitegi Nazionalak emandako ebazpena.

Expe Iriarte eta Txemi Perez Foro Sozialeko bozeramaileek azpimarratu dute "Nafarroan bizikidetza demokratikoa" eraikitzea dela elkarte horren helburua. "Nafarroako gizartean inpaktu handia eragin du urte luzeetako indarkeriak, baina baita Altsasuko zortzi gazteei ezarritako zigorrak ere", adierazi dute.

Auzi hori "neurriz kanpokoa" dela eta auzipetuek nahiz haien senideek "bidegabekeria larria" jasan dutela salatu dute. "Gatazkarik ez dagoela esaten duten epaimahaiak eta Nafarroako nahiz Madrileko sektoreak gertakari haiek indarkeriaren garaiarekin lotu nahi dituzte, baina garai hori, zorionez, denon artean atzean uzten ari gara", erantsi dute.

Altsasuko auziak azken urteotan Nafarroako alderdi politiko eta sindikatuen gehiengoak, gizarte zibilak nahiz Foru Gobernuak berak egindako lana hondatu duela deitoratu dute. Hala ere, urratsak ematen jarraituko dutela berretsi dute.

Egoera politikoari dagokionez, Foro Sozialak uste du "pauso garrantzitsua" eman dutela PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak elkarrekin gobernatzeko programaren zirriborroa adostuta. Nafarroako balizko gobernu berriak duela lau urte hasitako aldaketaren bidetik jarraitzeko balioko duela iritzita, baikor agertu dira.

Gauzak horrela, "bizikidetza demokratikoa" eraikitzen segitzeko deia egin dute, besteak beste, biktima guztiak, salbuespenik gabe, aitortzeko; preso eta iheslari nafarren egoerari irtenbidea emateko; eta oroimena bermatzeko, "gertatutakoa ahaztu gabe, etorkizunari begiratzeko".

Bide horretan Altsasuko auzia oztopoa dela ohartarazi dute, baina kasu hori "aukera" bilakatzeko deia egin dute; izan ere, Altsasuko herriak emandako erantzuna "eredugarria" izan dela eta datozen lau urteotan bizikidetza eraikitzeko Altsasuko eredua jarraitu beharko litzatekeela iritzi diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Altsasu