Politika -

Sanchezen inbestidura

Casado beldur da inbestidura 'modu txarrean' itxiko ote den

Arrimadasek, berriz, esan du oposizioaren buru izango dela PSOEk "populistekin eta nazionalistekin" ituna eginez gero.

Casado, Gasteizen. Argazkia: Efe
Casado, Gasteizen. Argazkia: Efe
Casado, Gasteizen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Casado PPren presidentea kezkatuta agertu da, Pedro Sanchezen "zalantzazko" inbestidura "modu txarrean" itxi daitekeelako.

Casadok 'Miguel Angel Blanco Udako Eskola'n egin ditu adierazpenok, Gasteizen, alderdiko Belaunaldi Berriek antolatutako ekitaldian, ETAk zinegotzia hil zuela 22 urte bete direnean.

PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gorabeherak izan ditu hizpide, eta azken orduotan inbestidurari begira koalizio morearen eta sozialisten artean egon den hurbilketa.

Casadoren ustez mugimendu horiekin "berrikuntzen itxura" eman nahi dute, baina "aurreikus zitekeena" egin dute: "PSOEk ituna egitea hilabete osoan itunak egin dituenarekin". Izan ere, aldundi, hiriburu eta autonomia ugaritan akordioak egin dituztela gogorarazi du.

Buruzagi popularrak kritikatu du "hauteskunde egutegiaren hamster gurpilean" daramatela urtebete, eta Espainiako Estatuak "normaltasun politikotik kanpo" jarraitzen duela, "modu txarrean itxi" daitekeen "zalantzazko inbestidurarekin".

Horren aurrean, PPk hainbat erkidego eta udaletan lortutako "akordio onuragarriak" txalotu ditu, eta Madrilen PPk, Ciudadanosek eta Voxek "aurki" akordioa lortuko duten esperantza agertu du.

Arrimadas

Ines Arrimadas Ciudadanosen bozeramaileak, bere aldetik, esan du oposizioaren buru izango dela PSOEk "populistekin eta nazionalistekin" ituna eginez gero, eta sozialisten eta Unidas Podemosen "eserleku lehia" gaitzetsi du.

Arrimadasek azpimarratu du Ciudadanosek ez duela bere botoekin "lurralde pribilegioak" eta "lehen eta bigarren mailako herritarrak" defendatzen dituen proiekturik "zurituko".

Azaldu duenez, Ciudadanosek ez du Sanchez babestuko zergak igo nahi dizkielako familiei eta "beste aldera" begiratzen duelako "Katalunian gertatzen ari denaren aurrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco