Politika -

Inbestidura

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuan sartzeari uko egiteko prest agertu da

Iglesiasek esan du albo batera egingo duela, horrek betoen amaiera ekarri eta PSOEk eta Podemosek koalizio gobernua osatzea ahalbidetuko badu.

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias duela egun batzuk bildu ziren Kongresuan. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias duela egun batzuk bildu ziren Kongresuan.
Pablo Iglesias Espainiako Gobernuan sartzeari uko egiteko prest agertu da

1:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuan sartzeari uko egiteko prest agertu da. Hala iragarri du Twitter sare sozialean arratsalde honetan argitaratu duen bideo batean.

Iglesiasek esan du albo batera egingo duela, horrek betoen amaiera ekarri eta PSOEk eta Podemosek koalizio gobernua osatzea ahalbidetuko badu. Erabaki honekin PSOEri "aitzakiak" amaitu zaizkiola erantsi du alderdi morearen buruzagiak.

Datorren astean ezkerreko gobernu bat ez izateko "PSOEren aitzakia" izango ez dela azaldu du Iglesiasek bideoan.

Dagoeneko proposamenaren berri eman dio Podemoseko buruzagiak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari. Pablo Echenique koalizio moreko gobernu ekintza idazkariak erabakiaren berri emango dio PSOEri.

Iglesiasek azpimarratu duenez, Exekutiboan egongo diren bere alderdiko kideen izenak "logikoki" koalizio moreak aukeratuko ditu.

"Eskubide sozialak gobernuaren ardatz izan behar direla onartzen duen ezkerreko koalizio gobernu bat behar du Espainiak berehala. Gobernu hori eragozten duen oztopo bakarra ni naizela dio PSOEk, egunetan gogoeta egin dut, eta PSOEk koalizio gobernu hori saihesteko aitzakia ez naiz izango", adierazi du Iglesiasek.

Unidas Podemosekin koalizio exekutibo bat osatzeko prest agertu zen Pedro Sanchez ostegunean, baina Pablo Iglesias ez zuela nahi argi utzi zuen. Ondoren Podemoseko buruzagiak jarrera aldatu du.

Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiak eta Isabel Celaa Espainiako Gobernuko jarduneko bozeramaileak Unidas Podemoseko beste kide batzuk Exekutiboan izateko ateak ireki dituzte ostiral honetan. Besteak beste, Irene Montero edo Rafael Mayoral aipatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua argazkiak Pablo Iglesias Eguneko albisteak Albisteak Podemos albisteak