Politika -
Barne-kontsulta
Podemoseko kideen % 70ek PSOErekin koalizio gobernua osatzea babestu dute
Podemosek emandako datuen arabera, alderdiaren baitako galdeketan 138.488 lagunek hartu dute parte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchezen inbestiduraren harira, Podemosek barne-kontsulta egin du, eta militanteen % 70 PSOErekin "betorik gabeko koalizio gobernu integrala" osatzearen alde agertu dira.
Beraz, galdeketaren bigarren aukera baztertu egin dute: PSOEk bakarkako gobernua osatzea ahalbidetzea, Sanchezen inbestidura saioan aldeko botoa emanda edo abstentzioaren alde eginda.
Alderdi moreak emandako datuen arabera, kontsultan Podemoseko 138.488 kidek hartu dute parte. Joan den ostiraletik gaur eguerdira arte izan dute botoa emateko aukera.
Emaitzen arabera, Podemosen oinarriek Pablo Iglesiasek hasieratik esan duena babestu dute: Espainiako Gobernu berrian Podemoseko ministroak izan behar direla, alegia.
Bestalde, Pedro Sanchezek gaur bertan azpimarratu du ez duela Pablo Iglesias bere gobernuan nahi, besteak beste, Podemosek Kataluniako gatazka politikoarekiko daukan ikuspuntuarekin bat ez datorrelako.