Politika -
Nafarroa
Atzeratu egin dute PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek gaurko zuten bilera
Ahal Duguren iturriek EiTBri baieztatu diotenez, sozialistek eskatuta atzeratu dute. Gobernu egitura negoziatzen jarraitzea zuen helburu batzarrak.
EITB.EUS
PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak (I-E) gaur eguerdian egin behar zuten bilera atzeratu egin dute, Ahal Duguko iturriek EiTBri baieztatu diotenez. Sozialistek eskatu omen dute atzerapena, iturri berberen arabera.
Geroa Bairen eta Ahal Duguren proposamenak aztertzeko denbora behar dutela argudiatu dute sozialistek, eta horregatik atzeratu dute batzarra.
Chivite buru izango lukeen gobernu horren egitura negoziatzen jarraitzea zuen helburu hitzorduak. Asteartean egindako batzarrean, proposamen bat helarazi zieten sozialistek gainerako alderdiei, baina Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek egin zitzaketen proposamenak aztertzeko prest zegoen. Sanferminak baino lehen edukien inguruko aurreakordioa erdietsi zuten laurek.
Geroa Baik aurreratu duenez, koalizioak "erantzukizun partekatuko gobernu" baten aldeko apustua egiten du, eta exekutibo horrek "Geroa Bairen presentzia eta eskarmentua" izatea.
Bide beretik etorri da Nafarroako Ahal Duguren proposamena. Atzo jakinarazi zutenez, Nafarroako Ahal Duguren Koordinazio Kontseiluak ezinbestekotzat jo du foru gobernu berrian alderdi horretako kontseilariak izatea. Aho batez hartu zuen erabakia Ahal Duguren Koordinazio Kontseiluak. Eduardo Santos Ahal Duguren koordinatzaile nagusiak bart Radio Euskadin esan duenez, "ez dugu marra gorrien inguruan berba egin nahi", eta "proposamenak eramango ditugu mahai gainera".
Izquierda-Ezkerrak, bestalde, ez du egitura jakin baten alde egin. "I-Ek ezberdinen artean adostutako gutxienekoen akordioak garatuko dituen gobernu bat nahi du: gobernu sinesgarri eta eraginkorra", adierazi dute.