Politika -
Presoak
Urrutikoetxeak ez du onartu 'herriko tabernen' auziagatik Espainiaratzeko eskaria
Bestalde, hilaren 24an aztertuko dute Parisko Apelazio Auzitegian Urrutikoetxea aske uzteko demanda.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohiak ez du onartu 'herriko tabernen' auziagatik Espainiaratzeko eskaria.
Gaur aztertu dute Parisko Apelazio Auzitegian Espainiako Auzitegi Nazionalak Urrutikoetxearen aurka bidalitako bigarren euro-agindua.
Baltasar Garzon epaileak eman zuen, 2005eko otsailaren 22an, Urrutikoetxea bilatzeko eta atxilotzeko agindua, 'herriko tabernen' auziaren baitan. Bederatzi urtera arteko kartzela-zigorra ezar diezaioketela zabaldu dute.
Parisko Apelazio Auzitegiko epaimahaiak datorren urriaren 16an aztertuko ditu Espainiak Urrutikoetxearen aurka igorritako bi euro-aginduak.
Lehendabiziko euro-agindua gizateriaren kontrako krimenei buruzkoa da eta haren jakinarazpena maiatzaren 16an eman zioten, Frantziako Alpeetako herri batean atxilotu zuten egunean bertan, hain zuzen ere.
Aurrez, hilaren 24an, Urrutikoetxea aske uzteko haren abokatuek aurkeztutako demanda aztertuko du epaimahaiak.
Aipatu bi euro-aginduez gain, Espainiak bi estradizio eskaera egin ditu: bata, ETAk Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka 1987an egin zuen atentatuagatik (11 pertsona hil ziren); eta bestea, Luis Hergueta Michelin enpresako zuzendariaren hilketagatik.