Politika -
Amerikako Estatu Batuetan
Autogobernua 'ongizatearen sinonimoa' dela nabarmendu du Urkulluk NBEn
Nazio Batuen Erakundeak antolatutako High Level Political Forum 2019 (HLPF 2019) ekitaldian parte hartu du lehendakariak, ‘Euskadiko Bonu Jasangarriak’ aurkezteko.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan Nazio Batuen Erakundean (NBE) azpimarratu duenez, “autogobernua ongizatearen sinonimoa dela erakusten du euskal ereduak". Halaber, Euskadi “herrialde jasangarria, solidarioa eta irekia” dela nabarmendu du.
Urkulluk ‘Euskadiko Bonu Jasangarriak’ aurkeztu ditu, eta ekimen “serioa, errealista eta arduratsua” dela esan du. Izan ere, horri esker ‘Agenda 2030’ egitasmoari lotutako gizarte eta ingurumen arloko proiektuak finantzatu ahal direla azaldu du.
Ildo horretatik, Euskadi bere “balioak finkatuta” dituen lurraldea dela esan du Urkulluk, eta “bigarren aukera bat bilatzen duten migratzaileekin solidarioa eta irekia” dela azpimarratu du. “Euskadi ingurumenarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin konprometituta dago, heziketarekin eta bereziki gazteei eskainitako kalitatezko enpleguarekin”, esan du. Era berean, emakumeen eta gizonen arteko “berdintasun eraginkorrean aurrera egiteko” lanean ari dela ziurtatu du.
NBEk Amerikako Estatu Batuetan antolatutako High Level Political Forum 2019 (HLPF 2019) ekitaldian parte hartu du gaur Urkulluk, eta Euskadin 'Agenda 2030' deiturikoan eta garapen jasangarriaren arloan emandako aurrerapausoak azaldu ditu.
Hala, Europan NBEk onartutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuei atxikitzen eta horiek ezartzen Euskadi “aitzindaria” izan dela adierazi du lehendakariak. Testuinguru horretan, 2018ko apirilean Eusko Jaurlaritzak ‘Basque Country 2030 Agenda’ aurkeztu zuela gogora ekarri du, eta berriki bere jarraipena islatzen duen bigarren txostena kaleratu duela esan du.
Iñigo Urkullu lehendakaria, High Level Political Forum 2019 (HLPF 2019) ekitaldian. Argazkia: Irekia
Halaber, legegintzaldi honetan Euskadik kontu publikoetan “zero defizitaren helburua” lortu duela nabarmendu du Urkulluk, eta lortutako kalifikazioa “A positiboa” dela gaineratu du.
Lehendakariak, Euskadiko Bonu Jasangarrien berri eman du jardunaldi horretan. Azaldu duenez, 1.100 milioi euroko bi Bonu Jasangarriren jaulkipena egin du Jaurlaritzak, eta, hori, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuaren hamarren bat dela azaldu du.
Hartutako funtsek 'Agenda 2030' ekimenari lotutako gizarte edo ingurumen arloko proiektuak finantzatzen dituzte. Zehazki, % 83 gizarte-inbertsioetara bideratzen da, pertsonentzako funtsezko zerbitzuak bermatzeko, eta % 17 ingurumen-inbertsioetara.
Horrez gain, Euskadiko Bonu Jasangarriak “oso harrera ona” izan dutela nabarmendu du lehendakariak. Gauzak horrela, eskariaren ondorioz lau aldiz biderkatu dela eskaintza eta jaulkipenaren bi heren 13 herrialdetako nazioarteko inbertitzaileek sinatu dutela esan du.
“Autogobernua ongizatearen sinonimoa dela erakusten du euskal ereduak", azpimarratu du lehendakariak. Izan ere, “autogobernuak politika publikoen garapenerako eta finantzaziorako eskumenak” dituela esan du Urkulluk.
High Level Political Forumeko gaurko saioko hitzaldiari amaiera emateko, Urkulluk ondorengoa esan du: “Mundu berdinzaleagoa, jasangarriagoa, solidarioagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko konpromisoarekin jarraituko dugu lanean Euskadi Basque Countryn”.