Politika -
Inbestidura
Galdeketa 'trukatu' batekin negoziazioa haustea leporatu dio Sanchezek Iglesiasi
Kontsultarekin Podemos “itxurak” egiten ari dela uste du buruzagi sozialistak; izan ere, “ez du errealitatea jasotzen”, Iglesiasi egindako proposamenak ez dituelako islatzen.
Agentziak | Erredakzioa
Galdeketa "trukatu" batekin inbestidurarako negoziazioa haustea egotzi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiari. Sanchezen hitzetan, Iglesiasek "aldebakarreko" erabaki horrekin ezezko botoa justifikatu nahi du, baina "eskuin muturrarekin" bat egingo du.
Ser irratian egindako elkarrizketan Sanchezek baieztatu duenez, "Podemoseko pertsona kualifikatuentzat" ministerioak eskaini zizkion Iglesiasi iragan astean. PSOEko buruzagiaren ahotan, demokraziaren historian lehen aldiz egin da horrelako eskaintza bat, eta hauteskundeetan laugarren sailkatu zen alderdi bati egin diote, gainera.
Kontsultarekin Podemos "itxurak egiten" ari dela uste du buruzagi sozialistak; izan ere, "ez du errealitatea jasotzen", Iglesiasi egindako proposamenak ez dituelako islatzen, ezta iragan asteko elkarrizketan mahai gainean jarri zion azkena ere.
Podemosen galdera "guztiz faltsua da", azpimarratu du Sanchezek. Espainiako jarduneko gobernuburuaren esanetan, Iglesiasek ez du jarrera aldatu nahi, eta datorren asteko "inbestiduraren aurkako bozketa bat justifikatu nahian" dabil, "eskuin muturrarekin" bat eginez.
"Galdeketaren berri komunikabideen bidez izan nuen; Iglesiasek PSOErekin negoziazioa hautsi du", eta egoerak "frustrazioa" eragiten diola onartu du Sanchezek.
Iglesiasen "muturreko jarrera" salatu du buruzagi sozialistak. "Berak esandakoa egin edo boto negatiboa jasoko dugu", Sanchezen esanetan. Iglesias galdeketa modu "traketsean" erabiltzen ari dela uste du.
Bestalde, Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu nahi ez duela esan du Sanchezek, "baina nire ardura aukera hori kontuan izatea da". Sanchezen hitzetan, 155a "artikulu legitimoa da, betiere lurralde batean elkarbizitza eta ordena konstituzionala zalantzan jartzen baldin badira".
Artikulu hori aplikatzeko aukera baztertzerik ez dagoela azpimarratu du Sanchezek, bere betebeharra kontuan hartzea delako. "Nahiago nuke aplikatu beharko ez banu", gaineratu du.