Politika -
2019ko Sanferminak
Navarra Sumako zinegotzi batek EH Bilduko kide bat salatu du, ‘ostikadak emateagatik’
Carmen Alba zinegotzi iruindarrak (PP) salaketa bat jarri du Joxe Abaurrearen aurka, Sanferminetako txupinazoan ikurrina balkoira ateratzea eragozten saiatu zenean ostikadak eman zizkiola iritzita.
Agentziak | Erredakzioa
Navarra Suma koalizioko Carmen Alba zinegotzi iruindarrak (PP) salaketa bat jarri du Joxe Abaurrea EH Bilduko kidearen aurka, aurtengo Sanferminetako txupinazoan, ikurrina balkoira ateratzea eragozten saiatu zenean, ostikadak eman zizkiola iritzita.
“Txupinazoaren egunean, udaletxeko ezkerreko balkoian, ikurrina ateratzen ahalegindu zen Joxe Abaurrea. Ikurrina aska zezan, hartu egin nuen, baina ostikoak ematen hasi zitzaidan”, azpimarratu du Navarra Sumako zinegotziak, oraindik hainbat hematoma dituela esanez.
Txupinazoaren ostean, Iruñeko Udaltzaingoan salaketa aurkeztu zuen Albak, medikuaren lesio partearekin batera.
“Agerian geratu da haientzat zein den demokraziaren esanahia. Hemen, haien pentsamendua inposatu nahi dute beti, haiek nahi duten ikuspegia, eta ez dute kontrakoa onartzen”, ziurtatu du zinegotzi popularrak.
Bere iritziz, eraikin publikoetan ikurrina erakustea “beste erkidego bateko bandera baten inposizioa da, eta horren kontra ezer ez dugun arren, inposizio hori kendu nahi diegun unean indarkeria fisikoarekin erantzuten dute”.
Maider Beloki EH Bilduko zinegotzia ere ospitale batean artatu zuten, udaltzainek bortizki bultzatu baitzuten ikurrina balkoira ateratzen saiatu zenean. Beloki lesio parte batekin irten zen ospitaletik, eta koalizio abertzaleak salaketa batekin auzitegira igorri edo ez aztertuko du sanferminak amaitzen direnean.
Txupinazo unean gertatu zen guztia, udaletxearen aurrealdeko balkoi batean. Agenteek indarrez kendu zieten ikurrina Belokiri eta Geroa Baiko Itziar Gomez zinegotziari, horiek ikurriña eusten saiatzen ziren bitartean, eta Belokiren ilea harrapatuta geratu zen.