Politika -

Terrorismoa

Preso ohi bat atxilotu dute Iruñean, jihadistak doktrinatzea leporatuta

Atxilotua Madrilera eraman dute, eta astelehenean eramango dute epailearen aurrera. Ez omen zebilen atentatu bat prestatzen, baina aurretik espetxean egondakoa da.

Atxiloketaren unea. Argazkia: EFE
Atxiloketaren unea
Espetxean egondako kamioilari bat atxilotu dute Iruñean, jihadismoa goratzea egotzita

1:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

48 urteko gizonezko bat atxilotu du Guardia Zibilak Agustindar Industrialdean, Iruñean, terrorismoa goratzea eta jihadistak doktrinatzea egotzita.

Atxilotua Madrilera eraman dute, eta astelehenean eramango dute epailearen aurrera. Ez omen zebilen atentatu bat prestatzen, baina aurretik espetxean egondakoa da, talde terroristen ideiak zabaltzeagatik eta indarkeria defendatzeagatik.

Ohar baten bidez Guardia Zibilak azaldu duenez, kartzelatik atera ostean, sare sozialetan hainbat profil eta kanal kudeatzen zituen atxilotuak eta, horren bidez, propaganda biolentoarekin lotutako material ugari zabaltzen zuen. Terrorista jihadistekin, Al Kaidarekin oro har, harremana duten ekoiztetxeetakoak ziren bideo gehienak.

"Mendebaldearen aurkako eraso suiziden legezkotasuna defendatzen zuen atxilotuak, Guardia Zibilak egiaztatu ahal izan duenez, baita Palestinako talde terroristek Israelgo biztanleen kontra egindako erasoak ere", azpimarratu du.

Ikerlarien aburuz, atxilotuak urteak daramatza "etengabeko erradikalizazio prozesuan" murgilduta, eta agerikoa zen Botere Judizialari eta Espainiar Estatuari gorrotoa ziela, bereziki espetxetik igaro ostean.

Guardia Zibilaren arabera, Interneteko profil horiek nork kudeatzen zituen ezkutuan gordetzeko, segurtasun neurriak erabiltzen zituen atxilotuak.

Edukiera handiko kamioi batean aurkitutako zantzuak aztertzen dabil Guardia Zibila eta, dirudienez, ez omen zegoen atentatu bat prestatzen. Lekuz aldatzeko erabiltzen zuen kamioia, eta baita etxe moduan ere. Miaketa amaituta, Auzitegi Nazionalera eramango dute.

2016ko atxiloketa

Gizona, Marokon jaiotakoa da eta 2016ko abenduan atxilotu zuten lehen aldiz, Irunen (Gipuzkoa), edukiera handiko kamioi bat gidatzen zuela. Jihadismoarekin ustez lotuta zeuden bertsoak eta idazkiak aurkitu zituzten barruan, eta atentatu bat egiteko kamioia erabiliko zuen beldur zen orduan Guardia Zibila (izan ere, urte horretako uztailean kamioiekin Nizan egindako atentatua jazo zen).

2018ko urrian Auzitegi Nazionalean epaitu zuten, eta Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren eta Dolores Delgado Justizia ministroaren audioak aipatu zituen galdeketan, terrorismoaren aurkako iturriek jakitera eman dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak