Politika -
Txostena
1975 eta 2011 artean zinegotzi izandako 24 pertsona hil zituen ETAk
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako txostenak ETAren indarkeria eta mehatxuak jasan zituzten zinegotziek "bizitako sufrimendu bidegabea" deskribatzen du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Jazarpen-indarkeria jasan zuten zinegotziek bizitako bidegabekeriari buruzko txostena' (1991-2011) aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Legegintzaldi honetan, baita aurrekoan ere, zenbait txosten egin dituzte. Guztiak atalka ordenatuta daude, eta horien xedea da giza eskubideen urraketari ekarpena egitea eta biktimek jasandako injustiziari buruzko egia jakitea. Horregatik, txosten multzo horren jarraipen gisa ulertu behar da azken txosten hau. Zehazki, 2016ko martxoaren 31n aurkeztutako beste txosten bat garatzea du helburu, zinegotzien kolektiboa hurbiletik aztertuta. Txosten haren izena da "ETAk mehatxatutako pertsonek jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena" (1990-2011).
2018. urtearen hasieran, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuari eman zion txosten berria garatzeko enkargua. Gehienbat, PSE-EE eta PP alderdietako zinegotzien bizipenak aztertu dituzte bertan, nahiz eta ilegalizatutako hautagaitzak bete zituzten politikariek jasandako jazarpena ere aztertu duten txosten horretan.
Jose Ramon Intxaurbe eta Gorka Urrutia dira txostenaren egileak, eta horiek arduratu dira edukia aurkezteaz.
Helburuak
ETAren indarkeriaren esparruan mehatxuak eta zuzeneko jazarpena jasan zuten zinegotziei eragindako sufrimendu bidegabearen deskribapen kuantitatibo eta kualitatiboa eskaintzen du txostenak.
Azterketa kuantitatiboa
Txostenaren egileek 14 elkarrizketa egin dituzte, erdi-egituratutako galdetegi bat erabilita. Elkarrizketatu gehienek zinegotzi kargua bete zuten Euskadiko udalerrietan 1991tik 2015era. Halaber, kargu publiko horien senideen ikuspuntua jaso dute, jazarpenak haiekin bizi zirenengan izan zuen eragina islatu nahi izan da-eta.
Eusko Jaurlaritzak ateratako ondorioa
Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek adierazi du gisa horretako txostenak ez direla soilik datu kuantitatiboei buruzkoak. “Aitzitik, pertsona zehatzei buruz ari gara, familia osoei buruz, eta min handi eta luze bati buruz. Min horrek, gainera, ikusgarritasun txikia izan du. Txosten honen bidez, zera adierazi nahi diegu zinegotzi izateagatik mehatxuak edo jazarpena pairatu zuten zinegotziei —bereziki PSE eta PP alderdietakoak izan ziren—: (1) jasandako sufrimenduaren jakitun garela; (2) sufrimendu hura bidegabea izan zela eta (3), txosten honetan errealitate hori jaso nahi dela modu ofizialean, biktimekiko elkartasun keinu gisa, eta memoria eraikitzen lagunduko duela sinetsita”.
Txostena herritar ororentzat dago eskuragarri.