Politika -

Inbestidura

Gobernua osatzeko orduan, 'agertoki posible guztiak' izango ditu kontuan Sanchezek

Unidas Podemosi proposatu dio inbestidurarekin lotutako negoziazioetan "abiapuntura itzultzea" eta "edukiei buruz" hitz egitea.

Pedro Sánchez. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sánchez
Pedro Sánchez. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak esan du, Gobernua osatzeko orduan, "agertoki posible guztiak" izango dituela kontuan, ostegun gauean iturri sozialistek jakitera eman zutenez.

Sanchezek Unidas Podemosi proposatu dio inbestidurarekin lotutako negoziazioetan "abiapuntura itzultzea" eta "edukiei buruz" hitz egitea, iturri horiek gaineratu dutenez.

Atzo, telefono bidez Iglesiasekin izandako elkarrizketa "antzuak", baina, argi utzi zuen ez batak ez besteak ez zuela amore emateko asmorik. Alde batetik, berriro ere, Sanchezek uko egin zion koalizio Gobernua osatzeari. Iglesiasek, bestalde, koalizio horren aldeko apustua egin zuen, atzera.

Hain zuzen ere, TVE telebista kateari emandako elkarrizketa batean jakinarazi zituen Sanchezek koalizioa gaitzesteko zituen arrazoiak. Bertan azpimarratu zuen Kataluniako erronka independentistari aurre egiteko, garrantzitsua dela Espainian barne koherentzia duen gobernu bat egotea.

Haren ustez, koherentzi hori ez litzateke bermatuta egongo Ministroen Kontseiluan Podemoseko buruzagiak eseriko balira, autodeterminazio eskubidea defendatzen dutelako, preso politikoei buruz hitz egiten dutelako eta Konstituzioaren 155. artikulua ezartzearen aurka daudelako.

Alabaina, elkarrizketa horretan, Sanchezek ez zuen baztertu Gobernuan Podemosekin lotutako politikariak egotea; "Pablo Iglesiasen ideologiatik aldenduago" daudenak, bereziki.

Politikari "independente" horiei buruz galdetuta, Sanchezek esan zuen "printzipioz" ez zeukala inolako aurreiritzirik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak