Politika -
Sanchezen inbestidura
Rajoyren 2016ko inbestidura gogoan, PSOEko 66 diputatuk abstentzioa eskatu diote PPri
Pedro Sanchezen inbestidura begira, sozialistek "baldintzarik gabeko" abstentzioa eskatu diete PPko parlamentariei, gutun baten bitartez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016an Mariano Rajoyren inbestiduran abstenitu ziren PSOEko hirurogeita sei diputatuk eta diputatu ohik gutun bat bidali diete PPko parlamentariei "elkarrekikotasuna" eskatzeko. Hain zuzen ere, Pedro Sanchezen inbestiduran "baldintzarik gabe" abstenitzea galdegin diete popularrei gutun horren bitartez.
Besteak beste, Antonio Hernandok, Parlamentuan sozialisten bozeramaile izan zenak, eta Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak sinatu dute gutuna, baita Eduardo Madinak ere, Idazkaritza Nagusirako primarioetan Sanchezen aurkari izan zenak.
Bertan, 2016ko urriaren 29an gertatutakoa ekarri dute gogora sozialistek, Rajoyren inbestidurako bigarren bozketan abstenitu egin baitziren, berriro ere hauteskunde orokorrak deitzeak egoera "desblokeatuko" ez zuela iritzita.
"Bide erraza eta ohoragarria" izenburupean, 2015ean Sanchezek egindako lana ere goratu dute sinatzaileek.
"Zentzuzkoena litzateke gure Konstituzioa aldatzea, Gobernuko Presidentetza hautatzeko orduan blokeoak saihestea ahalbidetuko duen mekanismoren bat zehazteko, baina garai batean egin ez zena orain ere ezin da egin. Halere, 1978ko Konstituzioak irtenbide bat bilatzera behartzen dituela demokratak", adierazi dute gurunean.
"2016ko udan sozialistek asko pentsatu genuen irtenbide horri buruz. Azkenik, bide bakarra inbestiduran abstentzioa zela konturatu ginen", azpimarratu dute.
Halaber, argi utzi dute horretarako "ahalegin handia" egin beha izan zutela, PPrekin dituzten "ezberdintasun ideologikoengatik" eta, bereziki, popularren zuzendaritzan izan ziren ustelkeria kasuengatik.