Politika -
Pedro Sanchezen inbestidura
Sanchezek eta Iglesiasek ados jarri gabe jarraitzen dute
PSOEk koalizio-gobernua negoziatzeko borondaterik ez duela kritikatu du Podemosek. Pedro Sanchez uztailean presidente izendatu ezean, azaroan hauteskundeak errepikatuko direla esan dute sozialistek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen arteko bosgarren bilera ofiziala inolako urratsik eman gabe amaitu eta, beraz, uztaileko inbestidura saioak kolokan jarraitzen du.
Podemosek salatu du Pedro Sanchezek ez duela negoziatzeko borondaterik eta hauteskundeak errepikatzeko prest egongo litzatekeela, inbestidurak porrot eginez gero.
"Egiaztatu dugu Pedro Sanchezek ez duela negoziatu nahi, alderdi bakarreko gobernua inposatu nahi du. Gehiengo absolutua izango balu bezala ari da eta hori ez da zentzukoa", adierazi dute alderdi moreko iturriek.
Sanchezek Alderdi Popularrari eta Ciudadanosi inbestidura ahalbidetzeko egindako eskaerak ere kritikatu dituzte. "Ez da koherentea aldi berean ezkerraren eta eskuinaren babesak bilatzen aritzea; herritarrek bermeak behar dituzte", erantsi dute.
Horrez gain, inbestidura saiora babesak lortu gabe eta "hauteskundeak errepikatzeko mehatxuarekin" joatea serioa ez dela salatu dute. "Sanchezek jarrera malgutu eta ezkerreko koalizioa osatzeko akordio integral bat negoziatu behar du, marra gorrik jarri gabe", nabarmendu dute.
Bilera amaituta, Pablo Iglesiasek agerraldia egin du komunikabideen aurrean eta ziur agertu da "lehenago edo beranduago" Sanchezek atzera egingo duela eta koalizio-gobernua osatuko duela.
"Guk gure jarrera asko malgutu dugu; PSOEk mugitu egin behar du", erantsi du.
Halaber, alderdi bakarreko gobernua osatzea hauteskundeetako emaitzarekin bat ez datorrela iritzi dio. Horregatik uste du azkenean sozialistek koalizio-gobernua negoziatuko dutela.
Gobernu-programa negoziatu nahi ez izatea egotzi dio PSOEk Iglesiasi
Bestalde, Adriana Lastra PSOEren bozeramaileak onartu du batzarrak ez duela inolako fruiturik eman eta Pablo Iglesiasen jarrera gogor kritikatu du: "Pentsatu nahi dut bere helburua ez dela izango bigarren aldiz Espainian ezkerreko gobernu bat osatzea saihestea".
"Bileran ez da urratsik izan eta ematen du Iglesias jaunari gehiago axola zaizkiola ministroen izenak politika baino", salatu du.
Lastraren arabera, programa adosteko bi dokumentu helarazi dizkio Sanchezek Iglesiasi, baina azken horrek horretaz hitz egin nahi ez duela erantzun dio.
"Guk eduki politikoez hitz egin nahi dugu; arazoa da ez dugula solaskiderik, ez dute horretaz hitz egin nahi", deitoratu du.
Era berean, ukatu egin du Sanchezek erabakita daukala hauteskundeak errepikatzea eta hala jakinarazi diola Iglesiasi. "Hori gezurra da", ziurtatu du.
Nolanahi ere, Lastrak onartu du Pedro Sanchez uztailean presidente izendatzea lortzen ez badute, oso zaila izango dela iraileko saiakeran egoerari buelta ematea, denbora tarte horretan Iglesiasek jarrera aldatuko ez duela iritzita.
(Pedro Sanchez eta Pablo Casado bilera hasi aurretik. Argazkia: EFE)
Casadok berretsi egin du ez dela abstentziorik izango
Arratsaldean, Pedro Sanchez Pablo Casadorekin bildu da Diputatuen Kongresuan, eta Alderdi Popularrak bere inbestiduraren kontra bozkatuko duela berretsi dio.
Hauteskundeak egin zirenetik jada bi hilabete igaro direla gogoratuta, "denbora gehiago" galdu ezin daitekeela esan du Casadok. Presidentegaia Sanchez dela eta, ondorioz, berari dagokiola blokeo egoera gainditzea azpimarratu du.
"Abstentzioez hitz egiteari utzita, agian koalizio-gobernuez eta gobernu egonkorrez hitz egiteko unea iritsi da", adierazi du.
Casadok esan du "pilota Sanchezen teilatuan" dagoela eta berak azaldu beharko duela zergatik ez duen akordiorik egin nahi Unidas Podemosekin, erkidegoetan itunak egin dituztenean. "Guk gure aldetik ezin dugu gehiago egin", erantsi du.