Politika -
Nafarroa
Esparza PSNrekin biltzeko prest dago inbestiduraz hitz egiteko
Navarra Sumaren abstentzioa bilatzeko Javier Esparzarekin biltzea baztertzen ez duela esan du Maria Chivitek goizean, EH Bilduren botoen menpe ez egoteko.
Agentziak | Erredakzioa
"Nafarroak behar duen egonkortasunaz hitz egiteko", PSNrekin biltzeko prest dagoela esan du Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Suma koalizioko presidentegaiak. Maria Chivitek (PSN) Navarra Sumarekin biltzea ez du baztertu goizean, PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Ezkerrak "sinatutako gobernu programa azaltzeko". Geroa Bairen "haserrea" kritikatu du Esparzak.
"Konstituzionalisten arteko betorik" ulertzen ez dutela azpimarratu du Esparzak. "Maria Chivitek Pedro Sanchezen iritzi bera izatea albiste ona izango litzateke", erantsi du. "Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua independentisten eta ETAren terrorismoa gaitzesten ez dutenen eskuetan ezin daitezkeela egon ulertzea", aintzat hartu du UPNko buruzagiak.
Esparzaren hitzetan, "dagoeneko Sanchezek esan zuen eta Chivite uste berekoa baldin bada, Bilduri atea itxi beharko lioke; argi esan dezala".
"Navarra Sumarekin esertzeko asmo soilak Geroa Bairen haserrea eragitea", kritikatu du buruzagi erregionalistak. Jarrera "baztertzailea eta sektarioa" da, gaineratu duenez, "legealdi osoan ohituta egon gara".
Maria Chivitek "Navarra Sumarekin ez esertzeko Barkosen eta Otegiren mehatxuak ez onartzea" eta "bilera egin ahal izatea" espero du Esparzak.
"Gaur duguna baino Nafarroa hobeago bat guztion artean eraikitzeko" Navarra Suma PSNri "laguntzeko" prest dagoela errepikatu du Esparzak. "Lurralde honen garapenarekin dugun konpromisoa bere horretan dago", nabarmendu du. "Aukeratzeko askatasuna, aukera berdintasuna, oparotasuna eta justizia sozialaren" Nafarroaren aldeko apustua berretsi du. "Nafarrekin dugun konpromisoa da", esan du.
Inbestiduran beharrezko abstentzioak lortzeko, Navarra Sumarekin biltzea "baztertzen" ez duela ohartarazi du Chivitek goizean.
Inbestiduran, PSN, Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren 23 botoez gain, gutxienez hiru abstentzio behar dituztela onartu du Chivitek RNE irratian. Nahiz eta begirada guztiak EH Bilduren 7 eserlekuetan finkatu, koalizio abertzalearekin "hitz egingo ez" dutela errepikatu du sozialistak.
Zentzu horretan, "abstentzioa ez da zertan Bildurena izan behar, Navarra Sumarena izan daiteke", adierazi du Chivitek.