Politika -
2019ko SANFERMINAK
Txupinazoan ikurrinagatik izandako liskarrak salatzea pentsatzen ari da EH Bildu
Maider Beloki zinegotzia bortizki bultzatua izan zen ikurrina balkoira ateratzen saiatu zenean. Ospitalean artatu dute gaur, eta lesio parte batekin irten da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo Iruñeko sanferminei hasiera ematen dien txupinazoan gertatutakoak auzitegietan salatzea pentsatzen ari da EH Bildu. Izan ere, Maider Beloki zinegotzia bortizki bultzatua izan zen ikurrina balkoira ateratzen saiatu zenean.
Beloki ospitalean artatu dute gaur, eta lesio parte batekin irten da. Parte hori salaketa batekin auzitegira igorri edo ez erabaki behar du orain koalizio abertzaleak. Dena dela, Joseba Asiron Belokiren taldekideak eta alkate ohiak komunikabideei esan dienez, sanferminak amaitzen direnean hartuko dute erabakia, festak dirauen bitartean "lasaitasun diskurtsoa izan nahi baitugu, eta elkarbizitza bultzatu".
Txupinazo garaian gertatu zen guztia. Udaltzaingoak indarrez kendu zieten ikurrina Belokiri eta Geroa Baiko Itziar Gomez zinegotziari, horiek eusten saiatzen ziren bitartean, eta Belokiren ilea harrapatuta geratu zen.
Joseba Asironek kazetariei azaldu dienez, "atzo baino okerrago dago gaur nire taldekidea. Ospitalera joan da, erradiografiak atera dizkiote, lesioen txosten bat dago, eta auzitegira bidal dezakegu".
Oraindik ez dakite salaketa jarriko duten ala ez, baina era guztietara era, "tamalgarritzat" jo du "Enrique Maya alkatearen aginduz zinegotzi baten kontra erabili zen bortizkeria izugarria".
"Grabazioek -bideoa- oso garbi uzten dute non izan zen erasoa, nork egin zuen erasoa eta Enrique Maya alkateak nola bidali zituen poliziak, udal langileak, zinegotzien kontra indarra erabiltzera" salatu du.
Ikurria "legezkoa eta zilegia" dela gogorarazi du, "sektore zabal batek bere sentitzen duena", eta "bandera horrek krispatu egite duela esatea faxismora hurbiltzen da" gaineratu du, Mayaren atzoko hitzei erreferentzia eginez.
"Orain lasaitasunerako eta elkarbizitzarako deia egitea tokatzen da, eta mesedez ez dezatela probokatzen jarraitu, ari diren bezala" amaitu du.