Politika -
Espainiako Gobernua
Podemosek oinarriei galdetuko die Sanchezen inbestidura saioan zer bozkatu
Oraindik ez dute galdera zehaztu, baina uztailaren 22an eta 23an Diputatuen Kongresuan izango den inbestidura saioa baino egun batzuk lehenago egingo dute galdeketa.
Agentziak | Erredakzioa
Podemosek oinarriei galdetuko die Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentegai sozialistaren inbestidura saioan zer bozkatu, bi alderdien artean akordioa egon edo ez. Uztailaren 22an eta 23an Diputatuen Kongresuan izango den inbestidura saioa baino egun batzuk lehenago egingo dute galdeketa.
Pablo Iglesias buru duen alderdiak oraindik ez du erabaki zein izango den oinarriei egingo dien galdera, besteak beste, Podemosetik azpimarratu dutelako oraindik ez dituztela negoziazioak hasi PSOErekin, eta, ondorioz, sozialistek ez dutela proposamenik egin militanteek iritzia eman ahal izateko. Hala, Podemosek eta PSOEk akordioa lortzen ez badute, ezin da baztertu alderdi moreak hautagai sozialistaren inbestiduraren kontra bozkatuko duenik.
Dena dela, PSOEtik azpimarratu dute dagoeneko proposamen bat egin diotela Podemosi, eta, horren arabera, Podemoseko kideek Administrazio Publikoko karguetan ordezkariak izateko aukera izango lukete.
Iglesias eta Sanchez asteartean bilduko dira, eta galdeketa uztailaren 15etik 21era bitartean egingo dute beranduenez. Ohikoa den bezala, galdeketa modu telematikoan egingo dute, Podemosen webgunean. Zehazki, atari horretan izena eman duten 190.000 pertsona inguruk dute kontsulta horretan parte hartzeko aukera.
Alderdi morearen estatutuetan jasota dagoenez, mota horretako kontsultek izaera loteslea dute zuzendaritzarentzat, eta Herri Batzarraren jardueraren barruan kokatzen dira; izan ere, bere eginkizunen artean "hauteskunde aurreko edozein itun edo aliantza onartzea edo errefusatzea, gobernu edo inbestidura-aurreko edozein itun edo aliantza onartzea edo errefusatzea" dago.
En Comu Podemek eta IUk ez dute kontsularik egingo
Alabaina, En Comu Podemek eta Izquierda Unidak, hauteskunde orokorretan Podemosekin koalizioan joatea onartu zutenak, printzipioz ez dute aurreikusi oinarriei inolako kontsultarik egitea, gisa honetako tramiteetan ez baitute horrelakorik aurreikusten haien estatutuetan.
Dena dela, Alberto Garzon buru duen alderdiak eta koalizio katalanak ez dute baztertu galdeketa egitea oinarriei, baldin eta Podemosek PSOErekin gobernu-akordioa adosten badu eta ministro izatea lortzen badute.